Laudio Institutuko ikasle talde bat Südtirolen dago jadanik, Schlandersen, hain zuzen. Eskualdea Tirolean dago, baina ez da ez Suitza ez Alemania, Italia baizik. Hala ere, hango herritarrak alemaniarrez mintzatzen dira.
Abian dagoen Eramus+ edizioan hizkuntza gutxituetan eragingo dute eta hau da laudioarren lehenengo bisita ildo horretan. Ikasleek eta bi irakasleek 10 orduko bidaia egin dute heltzeko: "Lehen hegaldia Loiutik Frankfurtera izan da eta bigarrena Frankfurtetik Milanera. Behelaino handia, euria eta hegazkina gora-behera mugitzen zituzten turbulentzien ostean heldu gara Milanera. Bertan, Heiko izeneko autobus gidari bat gure zain egon da eta lau ordu eta erdiko bideari ekin diogu".
Ibilbide luzea baina atsegina izan da, azaldu dutenez: "Bidaian zehar, lasaitasuna, barreak, loak eta batez ere euri zaparrada etengabeak izan ditugu. Bat-batean, aurrean gindoazen bi irakasleak, atzean zarata eta algara gorantza zihoala antzeman dugu arrazoia jakin gabe. Baina handik minutu gutxitara, eta hemen aipatu ezin ditugun zenbait gauza entzun eta gero, familiak ezagutzeko poz eta urduritasuna zirela konturatu gara. Izan ere, herritik 25 minutura geunden. Ikasleekin brometan aritu eta gero, lasaitasuna bueltatu da eta handik oso gutxira Schlandersera heldu gara".
Udalerrian harrera beroa izan dute: "Familia guztiak gure zain egon dira, guztiak irribarretsu eta, lehenengo kontakturako minutu batzuen ostean, alai eta pozik joan dira familiekin etxera".
Argazkiak: Laudio BHI