Gaztetatik idazten du poesia Ana Basterra Marcuartuk, baina 2021ra arte ez zen animatu bere olerkiak liburu formatuan argitaratzera. Orduan plazaratu zuen Esencias de mi bilduma, eta hiru urte beranduago aurkeztu du bigarren lana, Corazones bordados izenekoa.
Liburua argitaratu berri den arren, zeresana eman du dagoeneko munduaren beste puntan. Idazle laudioarrak nabarmendu duenez, Mexikoko Poesia Erromantikoko Nazioarteko Lehiaketara aurkeztu zituen bilduma berriko olerkiak iazko udan, eta finalisten artean geratu zen. Hain zuzen, herrialde horretako 3K argitaletxeak hartu du obra berria formatu fisikoan plazaratzeko ardura.
Lan berri honekin, olerkigintzan sakontzen dihardu Basterrak, baina ez du baztertzen beste literatura genero batzuetara salto egitea etorkizunean, Aiaraldea Komunikabidearekin eginiko elkarrizketan aitortu zuenez.
Laudioko Zuhaitza eta Arin liburudendetan eskuratu daiteke olerki bilduma, eta baita Internet bidez edo idazlearekin sare sozialen bidez zuzenean harremanetan jarrita ere.