Emaitza oparoak izan zituen iaz Vidralak. Hala jakinarazi du Laudion sortutako enpresa taldeak Espainiako Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalera igorritako txostenean. Bertan zehazten denez, 233,4 milioi euroko mozkinak pilatu zituen enpresak 2023an, eta 1.558,8 milioi eurotan baloratutako salmentak egin zituen, aurreko urteko kopurua %15,8an hobetuz.
Modu horretan, akzio bakoitzeko 7,23 euroko irabazi garbia eskuratu zuen multinazionalak, 2022an baino %53,5 gehiago. 2019tik hona lortutako emaitza onena izan da hori:
46,6 milioi euro akziodunei
Irabazi horiek kontuan hartuta, aurten akziodunei %20 gehiago ematea aurreikusi du Laudion finkatutako multinazionalak. Guztira, 1,44 euro emango du akzio bakoitzeko, 46,6 milioi euro baliatuta guztira.
Irabaziak irabazi, Laudion 90 lanpostu suntsitzeko urratsak ematen dihardute Aiala Vidrion, Vidralaren baitako enpresan. 2023aren hasieran iragarri zuen multinazionalak horretarako asmoa zuela, eta urte amaierarako 40 langile inguruk sinatu zuten enpresa uzteko akordioa.
Horrez gain, bestelako mugimenduak ere egin ditu multinazionala nazioartean. Verallia enpresari salduko dio Italian duen filiala, 230 milioi euroren truke. "Gogoeta estrategiko sakon baten ondoren" egin du Vidralak mugimendu hori, "zonalde estrategikoetan birkokatzeko" helburuarekin.