Aiala Vidrio enpresako langileek atzo bozkatu zuten eta ezezkoa gailendu zen, zuzendaritzak egindako proposamenari dagokionez. Hain zuzen, multinazionalak zenbait neurri adostu nahi zituen, aldi baterako enplegua erregulatzeko espedientea ez abiatzeko, baina 94 beharginek aurka egin zuten, 62k alde eta bost boza zuri ere egon ziren.
Berez, Aiala Vidriok labe baten jarduera eten du eta bere asmoa da 90 lanpostu gutxiagorekin lan egitea. Azken hilabeteetan 40 beharginekin akordioa lortu dute enpresa utz dezaten eta jadanik horietako 18 joan dira.
Hala ere, konpainiak ez du nahikotzat jo kaleratze kopuru hori eta bere helburua da langileen baldintzak malgutzea bere xedea bete arte. Dena den, beharginek bide hori itxi dute, momentuz.
Aiaraldea Komunikabidea harremanetan jarri da enpresa batzordeko ordezkariekin. Ruben Galnates presidenteak uste du langileek hiru oztopo ikusi dituztela baiezkoa emateko. Alde batetik, neurrien iraupena ez dagoela zehaztuta. Enpresak aipatzen du bere helburuak erdiestean etengo dela akordioa, baina hori zenbat denbora izango den ez dago argi. "Urteak izan daitezke", adierazi du Galnaresek.
Beste talka puntua izan da proposamenak lan baldintzak okerrerako aldatzen dituela eta langileek ez dutela horren ardura euren gain hartu nahi.
Edonola ere, ELA sindikatuko kidearen aburuz, arazo nagusia da zuzendaritzak ez duela bermerik eman eta konfiantzarik ez duela sortzen: "Ez dago bermerik eta jendeak susmatzen du neurriak onartuta ere, aldi baterako enplegua erregulatzeko espedientea abiatuko dutela".
Are gehiago, enpresak iradoki zuen beste labe baten etenaldiaren eta berrikuntzaren ondorioz, irailean espedientea tramitatuko duela.
Gaur bertan jakinaraziko diote enpresari ezezkoa eta langileak zuzendaritzaren erabakiaren zain geratuko dira. Izan ere, konpainiak ziurtatu zuen ez zuela eskaintza hobetuko.