Gasteiz kalean prezio merkeko ('low cost' ingelesez) gasolindegia eraikitzeko obrak hasi ditu enpresa batek eta inguruko herritarrak horren kontra mobilizatzen hasi dira. Pankartak eta kartelak jartzeaz gain, alegazioak ere aurkeztu dituzte Laudioko Udalean, energia azpiegituraren kontra. Bihar, gainera, kontzentrazioa egingo dute 19:00etan kalean bertan.
Hain zuzen, prestatutako errekurtsoan bizilagunek galdetu dute konpainiak Errepideen Zuzendaritza Orokorraren oniritzia lortu duen, Udalari baimena eskatu baino lehen. Izan ere, aretarrek aldarrikatu dute gasolindegiaren proiektua ez dela bateragarria Arabako Foru Aldundiaren errepideen araudiarekin. Alde batetik, Aldundiaren esku dauden erabilpen publikoko lursailetan eragina izango dutelako lanek, eta erakundearen 38.3 artikuluak interes publikoko egitasmoetan baino ez du baimentzen hori egitea.
Bestetik, aretarren aburuz, gasolindegiak ez du bide segurtasuna bermatzen, besteak beste, ikusgaitasuna oztopatzen duelako, gasolindegiko sarrera zebrabide baten alboan egongo litzatekelako, trafikoa areagotuko duelako eta ez dagoelako lekurik itxaroteko errail bat prestatzeko. Hau da, trafiko gehiago eta motelagoa sortuko luke, linea jarraituko tartea delako eta, ondorioz, gasolindegian sartzeko bide bakarra egongo litzatekeelako.
Azpiegitura hartuko duen orubean amiantoa egon da eta herritarrek jakin nahi dute hori aurreikusi duen proiektuak.
Kutsadura
Aretarren osasuna izan da alegazioak lantzen duen beste alde bat. Izan ere, azpiegitura hartuko duen orubean amiantoa egon da eta herritarrek jakin nahi dute hori aurreikusi duten.
Hori gutxi balitz, trafikoak kutsadura gehiago eragingo duela gogoratu dute.
Egungo HAPO eta etorkizunekoa
Aretako bizilagunek Hiri Antolamendurako Plan Orokorra ere izan dute hizpide. Batetik, nabarmendu dute enpresak eraikitako horma egungo planak baimentzen duena (1,5 metro) baino handiagoa dela (2 metrokoa).
Bestetik, gogora ekarri dute lantzen hasi den Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak, egungo gainerako plan orokorrak bezala, gehiago murriztuko duela horrelako azpiegiturak instalatzeko aukera.
Berez, gasolindegia etxebizitzetatik 13 metrora dago eta HAPO gehienek horrelako negozioak debekatzen dituzte herriguneetan edota 50 eta 200 metroko tartea exijitzen dute etxebitza guneei dagokienez, auzokideek jaso dutenez.
Lizentzia ukatzea edo behin behinean etetea
Horregatik guztiagatik, zenbait bideren artean hautatzea eskatu diote Aretako bizilagunek Udalari. Batetik, gasolindegia eraikitzeko baimena ukatzea edo obrak gelditzea behin behinean. Bestetik, tokiko erakundeari exijitu diote Plan Berezia onartzea gasolindegien arloan, prozesu luzeagoa baita HAPO aldatzea eta irizpide garaikideagoak txertatzea.