Laudioko Gaztetxea berriz irekitzeko borrokan murgildu dira Gazte Asanbladako kideak. Kartelez eta pankartaz bete dute herria, eta ostiralean Korrikaren lehen lerrora eraman zuten aldarria.
Gazteek azaldu dutenez, bost hilebete daramatzate Udalarekin hitz egiten, “gaztetxearen auziari aterabide bat emateko”. Baina, salatu dutenez, orain arte “aitzakiak” baino ez dituzte jaso tokiko erakundearen partetik. “Bileratik bilerara ibili gara, bai Udalarekin eta baita Kultur Etxearen espazioen erabilera zehazteko beste eragileekin deitutako foroan ere, baina ez dugu inolako aurrerapenik egin”, azaldu dute sare sozialetan plazaratutako oharrean.
Hori dela eta, Lamuza parkeko espaziora itzultzeko bermeak eskatu dizkiote Udalari. Nabarmendu dutenez, prest daude aldi baterako espazio bat bilatzeko, Lamuza parkeko obrek iraun bitartean, baina baldintza batekin: behin lanak bukatuta Gaztetxearen jatorrizko kokalekura itzuliko direla bermatzea. Ildo horretan, elkarrizketarako prest daudela berretsi dute, eta baita “edozein proposamen” entzuteko ere, proposamen hori “benetakoa” bada betiere.
Nabarmendu dutenez, prest daude aldi baterako espazio bat bilatzeko, Lamuza parkeko obrek iraun bitartean, baina baldintza batekin: behin lanak bukatuta Gaztetxearen jatorrizko kokalekura itzuliko direla bermatzea.
Horrez gain, gogorarazi dute Gazte Asanblada igandero biltzen jarraitzen duela, 17:00etan, Herriko plazan dagoen erabilera anitzeko aretoan.
Ia bi urte hutsik
2022ko ekainetik dago hutsik azken 23 urtetan Laudioko Gaztetxea izan den espazioa. Kultur Etxeko obrak hasi zirenean utzi behar izan zuten gunea asanbladako kideek. Orduko hartan, EAJ eta PSE-EEren udal gobernuak ziurtatu zuen gazteak espazio horretara itzuliko zirela behin obrak amaituta.
Baina pandemia etorri zen gero eta, beste saiakera batzuen ostean, espaziora berriro sartzea erabaki zuten gazteek, Udalaren partetik ezezkoak jaso ostean. Huste prozedura abiatu zuen orduan tokiko erakundeak, eta 2022ko ekainaren 13rako jarri zuen epaileak huste agindua.
Goiz hartan hainbat gazte bildu ziren Gaztetxe sarreran, eta Zumalakarregi etorbidea moztu zuten gero, protesta gisa. Ertzaintzak indarrez atera zituen gazteak eta 700 euroko 6 isun jarri zituen (4.000 euro baino gehiago guztira), Hiritarren Segurtasunerako Legea (‘Mozal Lgea’ gisa ere ezagutzen dena) baliatuta.