JOSE LUIZ VAZQUEZ VILLAR

“900 euroren truke egiten ditugu Laudioko kamioien udal aparkalekuko funtzio guztiak, urteko 365 egun eta 24 orduetan”

Txabi Alvarado Bañares 2024ko mar. 26a, 21:10

Jose Luis Vazquez Villar, kamioien aparkalekuan. / Aiaraldea.eus

JOSE LUIZ VAZQUEZ VILLAR (Bilbo, 1979) da Laudioko kamioien udal aparkalekuko langileen ordezkaria, ELA sindikatuarekin. Gutxieneko soldata kobratzen dute bertako beharginek, baldintza gogorretan, eta borroka abiatu dute hitzarmen propioa lortzeko. 

Urte asko daramatzazue Laudioko kamioien udal aparkalekuan lanean. Zergatik erabaki duzue orain abiatzea lan baldintzak hobetzeko borroka?

Egunerokoan gertatu zaizkigun gauza askoren ondorioa izan da. Genuen egoera ikusita, buelta ematea erabaki genuen, ordezkari sindikal bat jarriz. Horren aurrean enpresak ez du aurka egin, baina ez du ordezkaria aitortzen. Delegatu sindikal bat ateratzearen helburu bakarra zen gure eskubideen alde borrokatzea eta enpresarekin lan baldintza duinak negoziatzea. Estatuko lan hitzarmena ezartzen zaigu, eta guk nahi duguna da hitzarmen propioa izatea. 

Gutxieneko soldata dugu, prekarioa. Soldata duina nahi dugu. Kobratzen ditugun plusak ez dira gure lanaren errealitatera gerturatzen. Bi egun egiten ditugu lan goizez, beste bi arratsaldez eta beste bi gauez, gehi jaiegunak, lanaren arriskua… kobratu behar dugu egiten ari garen funtzio horiengatik. Horri guztiari gehitu behar zaizkio kabinan zein aparkalekuan ditugun lan baldintzak, eta horrek guztiak eraman gaitu gaur egungo egoerara. 

Soldata da zuen aldarri nagusia, baina ez bakarra. 

Nahi dugun lehen gauza bada soldata gure hitzarmen propioaren arabera arautzea. Hortik abiatuta, beste gauza batzuk ere eskatu nahi ditugu, baina garrantzitsuena da hitzarmen propio baten alde borrokatzea. 

“Nahi dugun lehen gauza bada soldata gure hitzarmen propioaren arabera arautzea. Hortik abiatuta, beste gauza batzuk ere eskatu nahi ditugu”

Zuetaz gain, beste bi alde daude gatazka honetan: EYSA enpresa eta Laudioko Udala. Zer eskatzen diozue bati eta besteari?

Gauza bera eskatzen diegu biei: gurekin negoziatzera eseri daitezela. Modu horretan, gure aldarri guztiak azalduko genizkieke, negoziatu ahal izateko. Badaude puntu batzuk ezingo direla negoziatu, nahi dugun gutxienekoa direlako, baina beste gauza batzuk bai. 
Hori da nahi duguna, hiru aldeak batzea: Udala (aparkalekuaren jabea), enpresa (Udalak azpikontratatutakoa) eta zati nagusia, zerbitzua eskaintzen dugunok osatzen duguna, langileok, alegia. 

“Sentsazio oso onekin atera ginen Udalarekin eginiko bileratik. Hori bai, itxaron beharko dugu eurek erantzun bat emateko eskatu diguten tartea igaro arte”

Duela bi aste bildu zineten Udalarekin. Zer moduz joan zen bilera?

Gustura egon ginen, egia esan, gogobete gintuen. Uste dugu entzun egin gintuztela eta sentsazio oso onak ditugu, egoera zein den kontuan hartuta. Hori bai, itxaron beharko dugu eurek erantzun bat emateko eskatu diguten tartea igaro arte. Orduan ikusiko dugu erantzuna pozgarria den edo ez. Baina, printzipioz, sentsazio onekin atera ginen. 
Enpresarekin ez zarete bildu?

Ezinezkoa izan da. Esan dudan bezala, ez dute ordezkari sindikalaren figura onartzen. Gasteizko epaitegi batek arrazoia eman zigun, enpresak epez kanpo apelatu zuelako. Epaiketara eraman zuten gero eta helegitea jarri dute. Bazeuden beste pertsona batzuk eurek sartu nahi zituztenak, beste sindikatu batekoak. Horregatik, bertan behera geratu da epaiketa, data berriaren zain. 

Ez dugu aukerarik izan eurekin Udalarekin bezain modu zuzenean hitz egiteko. Badugu arduradun bat, eta berari ere duela urte bat baino gehiagotik daramagu gure egoeraren berri ematen. Berak erantzuten diguna da badakigula zer sinatu dugun. Noski dakigula, baina badakigu baita ez dugula baldintza hauetan egotea merezi, eta gainera hainbat gauza eskatzen dizkigute lanean. 

Beste gauza bat ere komentatuko dut: duela gutxi langile bat erasotu dute lanean zegoela. Epaiketa egon da eta badago sententzia. Eta hori gure lana egiteagatik. Enpresarengana zoaz eta Udalaren atzean ezkutatzen da. Udalak, aldiz, pentsatu behar duela dio. 

Udalak denbora tarte bat eskatu dizue zerbitzuaren bideragarritasuna aztertzeko. Bada bideragarria?

2020an zerbitzu hau abian jarri zenean esan ziguten kamioilarien eta kamioien segurtasuna ardatz izango zuen zerbitzu bat nahi zutela. Kamioiek merkantziak edota erregaia daramate, eta funtzio batzuk egin behar ditugu horiek babesteko. Gu hori betetzen egon gara, ahal izan dugun neurrian. 

Iaz denboraldi bat igaro genuen hesirik gabe aparkalekuko sarreran, baina bideragarritasuna egon da, guk gure lana egiten jarraitzen genuelako, erabiltzaileak artatzen. Ez zegoen hesirik, baina kamioiak sartu eta irten aritu ziren. Eta, bitxia dirudien arren, denbora tarte horretan hemendik ez zen Udaleko inor agertu egoera bideragarria zen edo ez ikustera, ezta udaltzain edo ertzainik edota enpresako ordezkaririk ere. 

“Iaz denboraldi bat igaro genuen hesirik gabe aparkalekuko sarreran, eta denbora tarte horretan hemendik ez zen Udaleko inor agertu egoera bideragarria zen edo ez ikustera”

Orain, lehen greba eguna egin ostean, bizpahiru aste daramatzagu udaltzainen bisitak jasotzen, zeozer gertatzen den ikusteko. Sarbide nagusiko hesia ez zegoenean ez zuten inor bidali; eta orain, hesia berriro dagoenean, ari dira segurtasun gehiago bidaltzen. Horregatik, ez dakit nola hartu Udalak darabilen bideragarritasunaren afera hori. 

Guk uste dugu aparkalekua badela bideragarria, eurek argudiatu beharko dute zergatik uste duten ez dela. Eurek gauza asko esan ahalko dituzte, baina gu gara hemen urteko 365 egunak eta eguneko 24 orduak igarotzen ditugunak.

Erabiltzaileek ere badakite zer arazo dituen aparkalekuak, eta gurekin daude, hala esan digutelako. Aparkalekua oso urrun dago, Udala ez da kezkatzen eta gu aipatu ditugun baldintzetan gaude. Orain ditugun baldintzetan bideragarria izan daiteke, baina agian ez zaie horren errentagarria suertatzen ahalegin bat egitea langileak erdi-pozik izateko. 

Ez dakienarentzat, zertan datza zuen lana?

Gure funtzio nagusia da aparkalekutik sartu eta irteten diren pertsonak identifikatzea. Kabinan botoi batzuk ditugu hesia altxatzeko. Oinezkoak alboan dagoen atetik sartzen dira, edo hesiaren izkina batetik. Auto eta kamioien matrikulak ere arakatzen ditugu, gure programan erregistratuta daudela ziurtatzeko. 

Hori da funtzio nagusia. Baina, horrez gain, aparkalekua egoera onean dagoela eta egoki funtzionatzen duela bermatu behar dugu. Errondak egin behar ditugu horretarako, orduro. Kamioilarien grebak daudenean erronda horien maiztasuna handitzea eskatzen digute, greba egiten ez dutenen kamioiei ezer gertatzen ez zaiela bermatzeko. 

Baditugu beste egiteko batzuk: komunak garbitzea, landareria kentzea, fakturak egitea edota kamioilariek izan ditzaketen beharrizanak asetzea, besteak beste. Haizeak ekartzen dituen plastiko, botila eta egurrak ere kendu behar ditugu, Udaleko garbiketa zerbitzua egunero aparkalekuan sartu eta irteten den arren. Funtzio horiek guri egitea eskatzen digute, eta guk egiten ditugu, 900 euroren truke. Dena egiten dugu prezio beragatik. 

Aipatu nahiko nuke baitaere  kabina ez dugula baldintza egokitan. Ez dago sarreran eta, ondorioz, ispilu baten bidez ikusi behar dugu nor sartzen den, baita lainoa edota euria egiten duenean ere. Ditugun altzariak ere ez dira egokiak, atea ere izorratuta dago…

“Grebara joango gara Udalaren erantzuna ezezkoa bada edo denbora gehiago eskatzen badigu”

Martxoaren 1ean greba egin zenuten, eta mobilizatzeari ekin diozue. Zein da emango duzuen hurrengo urratsa?

Udalaren erantzuna itxaron nahi dugu, baina gure buruak prestatuko ditugu grebara joateko. Hori izango da hurrengo urratsa erakundearen erantzuna ezezkoa bada edo denbora gehiago eskatzen badigu. 

Zer mezu helarazi nahiko zeniekete herritarrei?

Elkartasuna eskatu nahi diegu. Ez dakit nori iruditu ahal zaion ondo pertsona batzuk izatea gure baldintzetan lan egiten, gauetan, jai-egunetan, Gabonetan, Pazko Astean… (nik, adibidez, egun bakarra libratuko dut aste honetan) 900 euroko soldatagatik, kontuan hartuta hemen urteko 365 egunetan eta 24 orduz eskaintzen dela zerbitzua. 

“Lankide batek baja hartu behar badu enpresa saiatzen da bere orduak gainontzeko langileen bidez estaltzen, ez dute ordezkorik kontratatzen”

Gainera, berdin kobratzen dugu urteko lehen egunean edo astelehenen edo astearte normal batean lan eginda. Igandeetan lan egiten dugu edozein lanegunetan jasotzen dugun diru beragatik. Orain Aste Santua dator eta lan egingo dugunok soldata berdina jasoko dugu. Lankide batek baja hartu behar badu enpresa saiatzen da bere orduak gainontzeko langileen bidez estaltzen, ez dute ordezkorik kontratatzen. Baja hartzen duten langileak egoera prekarioan badaude, bizitza bilatu behar dute. Iaz hiru pertsonek hartu behar izan zuten baja, horietako bik oso egoera larrian egonda. Euren azalean jarri beharko lirateke batzuk. 

Oso erraza da esatea Udalak kontratatu gaituela eta guk badakigula zer baldintza ditugun. Ados, baina hemen bizi eta sufritu behar dira baldintza horiek. Guk hasieratik nahi genuen gauza bakarra zen Udalak eta langileek enpresarekin bilera bat izatea, gauza guzti hauek mahai gainean jartzeko eta jakin zezaten lan baldintza hauek ez direla duinak inorentzat; eta, batez ere, garrantzitsuena: ez dugula nahi estatuko hitzarmen batek esatea nola bizi behar dugun. Hitzarmen propioa nahi dugu, gure lana arautuko duten puntu guztiak jasoko dituena. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide