Baimenik gabeko obrak egiten ari zirela egiaztatu ostean, lanak bertan behera uztea eskatu dio Laudioko Udalak Gasteiz kaleko gasolindegia eraikitzen ari den enpresari. Tokiko gobernuak egiaztatu duenez, Aretako orubean burutzen ari diren lanak ez datoz bat emandako lizentziarekin.
Gauzak horrela, Udalak bide eman die Aretako bizilagunek azken egunetan egindako salaketei. Orain, behin obrak geldituta, lanen ikuskapena egingo du administrazio publikoak, bizilagunek salatutako arau-hausteak egiaztatzeko.
Gasolindegia jartzeko proiektua
Udalak zabaldutako oharrean azaldutakoaren arabera, lur-sail horretan gasolindegi bat jartzeko proiektua 2020ko espediente batekin hasi zen. Proiektua geldirik egon zen, harik eta 2023an berriro martxan jarri eta proiektua garatu aurreko prospekzio-lanak egiteko lizentzia eskuratu zen arte. Ordutik hona bizilagun askok aurkeztu dituzte proiektuaren kontrako alegazioak, azpiegituraren bideragarritasuna zalantzan jarriz.
Tokiko gobernuak hainbat hirigintza- eta lege-bideren bideragarritasun teknikoa aztertzeari ekingo dio, "inguruko bizilagunentzat emaitza egokiagoa bilatze aldera".
Bilera Aretako auzokideekin
Gasolindegiaren proiektuak Aretan sortu duen ezinegona bertatik bertara ezagutzeko asmoz, Tokiko Gobernuak batzar informatiboa deituko du Aretako bizilagunekin. Halaber, proiektuari buruzko informazioa ere jarri du herritarren esku.
Bien bitartean, mobilizazioekin hasi dira Aretako herritarrak. Atzo dozenaka lagun batu ziren Gasolindegiko lanen aurrean, obrak bertan behera gelditzea eskatuz: