Iñigo Ibarra musika laudioarrak (Al Infierno en Goitibera taldean ibilitakoa, besteak beste) disko berria argitaratu du Internet bidez. Zehazki, bere aurreko lanaren bigarren partea da eta Orbitaz kanpokoak II izendatu du.
Aurreko diskoetan bezala, berak bakarrik jo ditu musika tresna guztiak, bateriak salbu, azken hauek programatu baititu. Generoari dagokionez, ez du rock musika baztertu, baina bestelako soinuak jorratu ditu: "rock gogor, psikodeliko, stoner, sludge, doom, instrumental, post rock edota space rock estiloak".
Abesti gehienak 2020an sortu zituen eta bi 2022an. 2023an ekin zion denak nahasteari eta orain sareratu ditu, kanta bakoitza irudi batekin osatu eta gero.
Bi plataformetan plazaratu du lana. Alde batetik, Bandcamp-en entzun daiteke. Hor badago aukera .wav euskarrian doan deskargatzeko, dagokion laukian 0 euro jarrita. Hala zehaztu du Ibarrak berak. Bestetik, Youtubeko kanala ere prestatu du musikariak.
Jadanik hiru lan aurkeztu ditu sortzaile laudioarrak bakarlari gisa. Punk doinuekin hasi zen eta gero eta soinu astunagoa lantzen ari da.