LABek oharra zabaldu du exijitzeko bere delegatu bat berriro onartua izatea Imegar enpresan. Izan ere, langile erakundeak salatu du bere ordezkaria kaleratua izan dela enpresaren eta gerentearen informazioa partekatzeagatik langile batzarrean.
Hain zuzen, sindikatuak aipatu du bere delegatuak zabaldu zuela irabazi asko izan zituela konpainiak eta etekinak zuzendaritzako kideen artean banatzen ari zirela.
LABek argitu duenez, Imegareko arduradunek diziplina espedientea abiatu zuten horregatik langilearen aurka, eta horren ondorioz kaleratu dute.
Sindikatuak erabat gaitzetsi du neurria eta salatu du beharginen informazio eskubidea urratzen duela. Halaber, kaleratzea zigor bat izan dela nabarmendu du, mozkinak modu bidegabean banatzen ari zirela salatu zuelako langileak.
Hori guztia dela eta, borrokarako eta elkartasunerako deia zabaldu du sindikatuak, "ezin delako onartu edozein langile edo ordezkari kaleratzea arrazoi sindikalengatik".
2015ean Imegar konpainiako langileek mobilizazioak egin zituzten bi urtez soldatak atzerapenekin jasotzeagatik.