Kopako finala Aiaraldean

"Athleticen zaleak horrelakoak gara; galdu edo irabazi, beti dago zer ospatu"

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko api. 5a, 00:11

2019an aurkeztu zuten ofizialki Laudioko peña, eta ia ehun bazkide dira gaur egun. / Laudioko Zaleak

Latiorron pantaila jarriko dute Laudioko Zaleak Athleticen peñako zaleek larunbateko Kopako finala jarraitzeko. Egun osoko egitaraua prestatu dute zuri-gorriek giroa berotzeko, eta horren xehetasunak eman dizkigu Ana Torres peñako kideak.

Nola jarraituko duzue larunbateko finala?

Badaude zozketetan Sevillara joateko sarrera lortu duten kideak. Joan etorriko bidaia egingo dute, lo egitera gelditu gabe. Baina, gaztelaniaz esaten den moduan; sarna con gusto no pica.

Laudion geratuko garen kideok egun osoko egitaraua prestatu dugu. 13:00etan poteoa egingo dugu Latiorrotik. Pagolar tabernan amaituko dugu poteoa, bertan dauka gure peñak egoitza. 15:30ean bazkaltzera eseriko gara. Bazkari herrikoia izango da, ez peñako kideontzat soilik. Aspaldi iragarri genuen eta nahi izan duen orok izan du izena emateko aukera. Berakatz zopa eta sukalkia jango ditugu hamar euroren truke.

Bazkalostean DJ bat kontratatuko dugu, eta finalaren ordua iritsi ahala hau ikusteko prestatuko gara. Proiektore eta pantaila handi bana lortu ditugu, eta kalean ikusiko dugu partida, Pagolar tabernaren aldameneko plazatxoan.

Athleticek irabaztekotan, nola ospatuko duzue?

Ez dugu pentsatu, gauza horiek berariaz sortzen dira. Partida amaitu ostean zertxobait luzatuko gara Pagolar tabernan, eta gero norberak ikusiko du festa non jarraitu.

Ziur naiz izugarrizko festa egongo dela. Azken finean, larunbatean goizean goizetik egongo gara ospakizunetan murgilduta. Athleticen zaleak horrelakoak gara; galdu edo irabazi, beti dago zer ospatu, finala bera ospakizun bat da.

Eta galtzekotan, prest zaudete egoera horri aurre egiteko?

Ez, uste dut zaleak ez daudela horretarako prest. Esango nuke Athleticen zaleen %95a ziur dagoela aurtengo Kopako txapeldunak izango garela. Ezuste handia litzateke ez irabaztea.

Zer nolako finala aurreikusten duzue?

Final gogorra izango dela uste dut. Athletic indartsu dago, baina Mallorca ere bai, finalera iritsi bada zerbaitengatik izango zen. Urduritasun handiarekin jarraituko dugu zaleok, Athleticek jolasten duen bakoitzean urduritasuna pizten da eta.

Oker ez banago, Mallorcak behin bakarrik irabazi du Kopa, eta Athleticek ez du azken berrogei urteetan irabazi. Bi taldeek dituzte haien onena emateko arrazoiak. Espero dut Athleticek irabaztea baina, epaileak 90. minutuan txistua jo arte, ez dago ezer erabakita.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide