Astebeteko greba egingo dute Laudioko kamioien udal aparkalekuko langileek, gutxieneko soldata baino gehiago kobratzea helburu

Txabi Alvarado Bañares 2024ko api. 10a, 21:28

Martxoan greba egun bat egin zuten langileek. / ELA

19.600 euroko gutxieneko soldata ezartzea eta jardunaldia murriztea eskatu dute, eta hitzarmen propio bat sinatu nahi dute horretarako.

Grebara joko dute berriz Laudioko kamioien aparkalekuko langileek, eta oraingoan astebetez luzatuko dute protesta, apirilaren 15etik 21era.

Modu horretan lortu nahi dute gaur egun duten egoerari buelta ematea. ELA sindikatuak azaldu duenez, hitzarmen estatala aplikatzen zaie aparkalekuko beharginei. Ondorioz, gutxieneko soldata kobratzen dute, eta legez izan dezaketen jardunaldi luzeena dute. Horrez gain, "segurtasun eta prebentzio arazoak" dituztela ere nabarmendu dute langileen ordezkariek. 

Horren aurrean, hitzarmen propio bat sinatzea dute helburu. Horrela lortu nahi dute 19.600 euroko gutxieneko soldata izatea, jardunaldia murriztea, jai egunetan eta gaueko txandetan hobekuntzak ezartzea eta hobekuntzak egotea lan osasunean zein instalazioen egoeran.

Horrez gain, "Udalarekin komunikazioa hobetzea" ere eskatu dute. Izan ere, tokiko erakundea da aparkalekuaren jabea, baina EYSA enpresak kudeatzen du azpiegitura. Langileak martxoan bildu ziren udal gobernuko ordezkariekin, eta hauek denbora eskatu zieten, aparkalekuaren eta langileen eskaeren bideragarritasuna aztertzeko. Horregatik, kezkatuta daude langileak, uste dutelako Udala aparkalekua ixtera iritsi ahalko litzatekeela, bideragarria ez dela ebatziz gero.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide