Iragan astean jakinarazi zuen LABek Imegar enpresak bere afiliatu bat kaleratu zuela lan sindikala egiteagatik. "Delegatu horrek langile asanblada batean salatu zuen enpresa irabazien banaketa bidegabea egiten ari zela. Enpresak informazio hau langileei ezkutatu egin die eta argitara atera den momentuan, errepresalia eta xantaiak bata bestearen atzetik etorri dira".
Hain zuzen, sindikatuak jakinarazi du bigarren afiliatu bat kaleratu dutela aste honetan. Horren ondorioz, langileek bi asanblada egin dituzte, "kaleratze hauen aurrean erantzuna artikulatu ahal izateko eta bi lankideak euren lanpostuetara bueltatzea eskatzeko". Bilera horietan adostu zuten mobilizazioekin hastea eta, erantzun positiborik jaso ezean, grebara jotzea.
Bi elkarretaratze deitu dituzte. Bihar (ostirala) egingo dute lehena, 13:30etatik 14:30etara, lantegiaren aurrean; eta berriz bilduko dira astelehenean, ordu eta toki berean. "Elkartasun eta borrokarako deia" luzatu du LABek, "bai lantokian, baita eskualdean ere".