Grebara joko dute Imegarreko langileek datorren asteazkenetik aurrera, "lan sindikala egiteagatik kaleratutako langileak berronartzen ez badituzte". Hala jakinarazi dute gaur eguerdian Laudioko lantegiaren aurrean eginiko ekarretaratzean. Ordubeteko protesta egin dute bertan, 13:30etatik 14:30etara, eta ekimena errepikatuko dute astelehenean, toki eta ordu berean.
Langileak ez dira bakarrik egon fabrikaren aurrean. Tubacex, Tubos Reunidos edota Autoglas-Glavistako kideak ere egon dira kaleratutako beharginen berronartzea exijitzen, eta baita udal gobernuko ordezkariak ere, Ainize Gastaka alkatea tartean. Enpresa batzordeko kideek eskerrak eman dizkiete bertaratutako guztiei, eta nabarmendu dute babes hori izaten jarraitu beharko dutela, Imegar tailer txikia delako eta presioa egin beharko delako zuzendaritzaren jarrera aldarazteko.
Bi langile kaleratu ditu Imegarrek azken asteetan, biak ala biak LABeko delegatuak. Sindikatu horrek nabarmendu duenez, lan sindikala egiteagatik kaleratu dituzte, zuzendaritzak eman nahi ez zituen datu batzuk langile asanbladan partekatzeagatik, besteak beste.