Laudion egin du EAJk gaurko bere hauteskunde ekitaldi nagusia. Hainbat ordezkari politikok hartu dute hitza bertan, Imanol Pradales lehendakarigaiak barne. Hala ere, alderdi jeltzaleko beste hainbat kide esanguratsu egon dira publiko artean: Aiaraldeko alkate eta zinegotziak, Gotzone Sagardui osasun sailburua, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia, Aitor Esteban diputatua edota Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarreko presidentea, besteak beste.
Ander Añibarro izan da hitza hartzen lehena. Laudioko alkate ohi eta zinegotziak aste honetan zendutako Jose Antonio Ardanza ekarri du gogora. Lehendakari horrek eginiko lana goraipatu du, Aceros de Llodio lantegiaren itxieraren garaian. "Familia askok, nirea tartean, sufritu zuten sortu zen langabezia eta horrek gure udalerrira ekarri zuen arazo soziala. Eusko Jaurlaritzak egoera bere gain hartu zuen eta gaur egun dugun bizi kalitatearen oinarriak sortu zituen".
Ardanzak Aceros de Llodioren itxieraren garaian eginiko lana goraipatu du Añibarrok.
Laudion egondako alkate jeltzaleak ere goraipatu ditu Añibarrok eta, horren aurrean, gaur egungo udal gobernuaren jarduna kritikatu du. "Ekobulebar bat agindu ziguten, teknologia eta ekintzailetza zentro bat... hitz oso politak, eta oso marrazki politekin. Baina, 10 hilabeteren ostean, zer ikusi dugu? Aurrerapauso bat bera ere ez, eta ahoa betetzen zieten makro-proiektu horien inguruan galdetzen diegunean, isiltasuna. Udala geldirik dugu, eta ezin dugu utzi Euskadin gauza bera gertatzea”. Gauzak hala, "engainuan ez erortzeko" deia luzatu du alkate ohiak.
Nerea Melgosa igo da oholtzara jarraian. Eusko Jaurlaritzako Berdintasunaren eta Giza Eskubideen zuzendariak aitortza berezia egin die Laudioko Batzokia aurrera atera duten emakumeei, urte luzez “alderdiaren alde eginiko lanagatik”. Ondoren, haurrei eta gazteei bideratutako politiketan emandako aurrerapausoak izan ditu hizpide. Esparru horretan, Laudioko Altzarrate Kirol Elkarteak eginiko lana ere goraipatu du, emakume gazteengan kirola sustatzeagatik. Bukatzeko, “hitzezko jendea” direla nabarmendu du Melgosak, eta hitzetatik ekintzetara pasatzen direla.
Joseba Diezek hartu du Melgosaren lekukoa. Arabako zerrendaburuak aldarrikatu du Araba ez dela soilik Gasteiz, “Aiaraldea eta Laudio ere badelako”. Politikari gazteak balorean jarri ditu EAEn dagoen ongizate maila eta datu sozioekonomikoak, eta nabarmendu du hori galtzea dagoela jokoan hilaren 21eko hauteskundeetan. “Batzuk ‘aldaketa’ deitzen diote horri, baina guk ez diogu ‘aldaketa’ deitzen, duguna galtzea baizik”, ohartarazi du.
Horri lotuta, Diezek gaineratu du EAJk aitortu egin duela arazoak egon badaudela, “arazoak daudela aitortzea delako horiei aurre egin eta konpontzeko modu bakarra. Guk beti egingo diegu aurrera arazoei”.
Pradalesek, industria eta osasuna hizpide
Imanol Pradalesek eman dio amaiera ekitaldiari. Bere atzean dagoen lan-taldearentzako txaloak eskatzen hasi du ekitaldia lehendakarigaiak, eta jarraian ekin dio hauteskundeen testuingurua lantzeari. Bere hitzetan, “Araban eta Aiaraldean jokatzen ari den partida” irabaztea ezinbestekoa izango da bozetan gailentzeko.
Tubos Reunidosek iragan astean iragarritako albiste bat jarri du Pradalesek garatu nahi duen politika industrialaren adibide gisa.
Pradalesen ustez, EAJren diskurtso bera daramate beste batzuek, “baina ez dira gauza bera, eta ez dute gauza bera nahi”.
Horri lotuta, politika industrialean sartu da buru belarri. “Batzuek uste dute onena esku hartzea dela, baliabide amaiezinak existitzen direla… baina ez, ez dago baliabide amaiezinik. Zoritxarrez, dirua ez da zuhaitzetan hazten, hazia erein behar da uzta jaso ahal izateko”, argudiatu du. Horri lotuta, ohartarazi du, “aberastasuna landatzen” ez bada, “miseria” jasoko dela.
Gauzak hala, “inbertsiorako baldintza mesedegarriak” sortu behar direla aldarrikatu du lehendakarigaiak, eta Tubos Reunidoseko albiste bat jarri du adibide moduan. “Zero emisioko 2.000 tona tutu ekoiztuko dituzte aurten. Enplegua, produktu jasangarria eta deskarbonizatua. Euskadi herrialde industriala da, ekonomia berria besarkatu behar du, eta uste dut adibide hori ona dela jarraitu beharreko bidea ulertzeko".
Aiaraldeko Beheralako Inbertsio Planean jasotako proiektuak ere nabarmendu ditu lehendakarigaiak, eta Osakidetzan jarri du fokua bere hitzartzearen amaieran. Laudioko anbulatorioan duela astebete egin zuen agerraldian esandakoa berretsi du, eta harago joan da, herriko Etengabeko Arreta Gunean uneoro mediku bat bermatzera konprometituz. “Ez da erraza izango, baina horretara konprometitzen naiz”, esan du txalo artean.