Imanol Pradalesek adierazi du Laudioko eta Gasteizko Etengabeko Arreta Guneei lehentasuna emango diela

Aitor Aspuru Saez 2024ko api. 2a, 14:31

Imanol Pradales Laudion egon da gaur zenbait alderdikiderekin. / EAJ

Imanol Pradales EAJko lehendakarigaia eta EAJko beste zenbait kide Laudioko anbulatorioan egon dira gaur. Hautagaiak iragarri du Arabako Etengabeko Arreta Guneek lehentasuna izango dutela.

Imanol Pradales EAJko lehendakarigaia Laudioko anbulatorioan egon da gaur zenbait alderdikiderekin; Jonatan Moreno amurrioarrarekin eta Maite Cortazar laudioarrarekin, besteak beste.

Osakidetzako Etengabeko Arreta Guneei buruz hitz egin du Pradalesek: "Euskadin EAG berri batzuk zabaltzea aztertuko dugu eta daudenetan osasuneko profesional eta osagile gehiago sartzea ebaluatuko dugu. Analisi hori eginda daukagunean, Arabako EAGak lehenetsiko ditugu, bereziki Laudio eta Gasteizkoak. Gure konpromisoa da".

Osasun sistema publikoari dagokionez, lehendakarigaiak honakoa esan du: "Proposatu nahi dugu akordio politiko eta sozial zabala, gure sistema osatzen duten eragileen arteko elkarrizketa ireki bidez garatuko duguna: administrazioak, eragile politiko eta sozialak, profesionalen elkargo eta elkarteak, unibertsitateak, gaixoen elkarteak eta farmaziak, besteak beste".

Asteburu mugitua Etengabeko Arreta Gunean

EAJko hautagaiaren bisitaren bezperan, lehen planora egin du salto eskualdeko Etengabeko Arreta Guneen egoerak. Berez, martxoaren 31n eta apirilaren 1ean ez da egon medikurik Amurrion eta horrek Laudioko larrialdietan izan du eragina. Esaterako, igandean bi orduko itxaronaldiak egon ziren bertan.

Dena den, urtarrilaren 12an David Hernandezen heriotza gertatu zenetik, Aiaraldeko osasun publikoaren egoerak herri plataformen mobilizazioak, sindikatuen salaketak eta alderdien zein erakundeen arteko gatazkak eragin ditu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide