Bob Dylanen kantak entzuteko aukera egon zen Faktorian larunbatean, Audience taldearen eskutik.
Hala ere, Laudioko espazioak ez zion euskararen arnasgune izateari utzi emanaldian zehar, musikari estatu batuarraren kanten euskarazko bertsioak plazaratu baitzituen talde gernikar beteranoak. Xabi Paya bertsolariak euskaratu zituen letrak eta, ondoren, Audienceko kideak arduratu ziren kantuak berrezaugarritzeaz.
Bob Dylan berrikusia lanean plazaratu zuten emaitza. Hori da gernikarrek orain arte kaleratu duten azken diskoa, 1999tik hona luzatu den ibilbide oparoaren azken lagina, momentuz.
Publiko zabala erakartzen ez duen arren, zaletu ugari pilatu ditu Audiencek 25 urte hauetan zehar. Hori argi ikusi zen larunbateko emanaldian: Ez zen emanaldi bereziki jendetsua izan, baina eskualdeko zein eskualdetik kanpoko lagun ugari bertaratu ziren gernikarren proposamen berria deskubritzera.