Aurrera doa Autoglas-Glavista itxi eta bertako langileak kaleratzeko Enplegua Erregulatzeko Espedientea. Prosezuak sei hilabete eman ditu geldirik, ELAk salatu duenez. Sindikatuaren arabera, Gasteizko merkataritza arloko epaitegiak 10 eguneko epea eman zien Guardiani eta Parter Capitali Autoglas-Glavistaren salerosketako dokumentazioa entregatzeko. 2023ko urriaren 18an egin zuen hori, baina bi enpresek ez dute eskatutakoa egin apirilera arte, eta horregatik atzeratu da prozesu osoa.
ELAk nabarmendu du Parter Capitalek eta Guardianek prozesu judizialean parte hartu beharko dutela azkenean, eta gogorarazi du epaileak "enpresa taldearen eratzearen zantzuak" ikusi zituela Autoglas-Glavistaren erosketaren kasuan.
Langileen ordezkariek espero dute Enplegua Erregulatzeko Espedientearen prozesuak balio izatea enpresaren itxieran Guardianek duen ardura argitzeko.
Guardianek 2020an saldu zion Autoglas-Glavista lantegia Parter Capital inbertsio funtsari. Langileek behin baino gehiagotan salatu dute Parter Capital "funts-putre" bat dela, eta hartzekodunen lehiaketara eraman duela Laudioko haizetakoen fabrika, 240 langileren enplegua arriskuan jarriz.
Beharginen ustez, Guardian da "errudun nagusia" afera honetan guztian. Izan ere, hainbat kontu daude argitzeke multinazionalak eginiko jokalditik. Besteak beste, zahazteke dago zenbat diruren truke eta zer baldintzatan saldu zion enpresa Parter Capitali. Izan ere, ELA sindikatuak duen susmoa da Guardianek dirua eman ziola Parter Capitali Autoglas-Glavistarekin geratzeagatik. Hala azaldu zuen sindikatuko abokatuak Aiaraldea Komunikabidean izandako elkarrizketan:
Sindikatuak espero du kontu guzti horiek argitzea epaiketan eta, modu horretan, Guardianek bere gain hartzea enpresaren itxieraren eta langileen kaleratzeen gaineko ardura (kalte-ordainak emanez, besteak beste).