Ia 900 lagunek parte hartu zuten maiatzaren 5ean egindako Bularreko Minbiziaren Kontrako I. Ibilaldian. Ugarteko Gazteak taldeak antolatu zuen eta Laudioko Udalak lagundu zuen.
Gaur eguerdian, antolatzaileek minbizi mota horren kontra aritzen den elkarteari eman diote egun ibilaldiari esker jasotako dirua: 4.780,10 euro, hain zuzen.
Alazne Macicior eta Maribel Matoros elkarteko ordezkariek jaso dute ekarpena eta adierazi dute oso hunkituta daudela. Halaber, ziurtatu dute gaixotasuna ikertzera bideratuko dutela diru guztia.
Ugarteko Gazteak taldeak, aldiz, adierazi du ibilaldia elkartasun eredua izan zela. "Ardura sortzen diguten gai guztietan horrelakoak izan beharko ginateke", aldarrikatu dute. Familia eta jende ugarik parte hartu izanak hauspotu ditu Ugarteko Gazteakeko kideak, eta edizio gehiago egingo dituztela iragarri dute.
Udalak, bere aldetik, azaldu du txalotzekoa dela egitasmoa. Ainize Gastaka alkateak nabarmendu du aurreikuspen guztiak gainditu zirela. Nagore Gomara zinegotziak, bestalde, gaineratu du parte hartzaile ugari emakumezkoak izan zirela, "gaixotasunak emakumeengan duelako eragina, gehienbat".