Sei urteko prozesuaren ostean, maiatzaren 10ean ireki zuten azkenean Lamuza Eskolako jolastoki inklusiboa. Bertako guraso elkarteko kideak pozik azaldu dira emaitzarekin. Nabarmendu dutenez, proiektua abiatu zutenean ez zuten soilik jolastoki aldaketa egin nahi. “Haurrek hasitako parte hartze proiektua abiatu nahi izan genuen, zeinetan eskola komunitatea (irakasleek eta familiok) ere parte hartzeko aukera izan genuen”, zehaztu dute.
Gurasoen hitzetan, “hainbat behar asetzen dituen jolastokia” eraikitzea zuten helburu, “non ume guztiek euren lekua aurkitu ahalko zuten eta elementu naturalez inguratuta hazi ahalko ziren”. Ildo beretik, nabarmendu dute espazio berriak ez duela jolas orduetarako soilik balioko, “Lamuza Eskolako metodologiarekin bat egiten duelako” eta, ondorioz, ikasgaiak garatzeko ere baliatu ahalko dutelako.
Sei urteko prozesua
“Hainbat oztopo” egon dira eraikitze prozesuan, guraso elkarteko kideen aburuz. Izan ere, ekimena geldirik egon zen finantziazio faltagatik, baina iaz Udalak 87.120 euroko dirulaguntza jaso zuen Eusko Jaurlaritzaren partetik, eta diru hori baliatu zuten egitasmoari azken bultzada eman eta obra esleitzeko.