ASVIAMIE Aiaraldea taldeko kidea den Juanjo Basterrak jakinarazi du elkarteak eta Laudioko Udalak bilera egin zutela, alkateak eskatuta, eta honek azaldu ziela, guztira, Granja udal kiroldegian 54 banku topatu dituztela amiantoarekin.
Apirilaren 26an ohartu ziren igerilekuetako zazpi bankuetako hanketan zegoela minerala eta elementuak nahiko egoera txarrean zeudela. Gerora, konturatu ziren beste bi bankutan ere egon zela minbizia eragiten duen material hori, baina rotaflexarekin moztu zituztela.
Udalak berak erabaki zuen tokia ixtea berehala eta Osalaneko teknikarien bisitaren ondoren eta ikuskapen lanen ondorioz, beste 54 bankutan detektatu zuten amiantoa.
Erretiratzeko lanak
Udalak ASVIAMIEri aurreratu dionez, hasieran identifikatutako bederatzi bankuak berehala kenduko dituzte, aste batzuetan. Tokiko erakundeak hiru aurrekontu jaso ditu jadanik horretarako.
Edonola ere, gainerako beste 54 bankuak ateratzeko esku-hartzea gehiago luzatuko da. Kopurua hain handia izanik, lizitazio bidez erabakiko dute kontratua eta.
Bitartean, egurra baliatuko dute elementu horiek enkapsulatzeko eta zuntzak askatzea ekiditeko.
Novotecen lan eskasa
Bide batez, ASVIAMIE Aiaraldeak gogor kritikatu du Novotec enpresak 23.000 euro kobratu zituela 2013an amiantoaren inbentarioa egiteko udalerrian. Nabarmendu dutenez, enpresa horrek ez zituen bankuak aintzat hartu azterketan.