🔴 AMURRIOKO UDALAK DIRU-LAGUNTZA KENDU DIO ESKUALDEKO EUSKARAZKO KOMUNIKABIDE BAKARRARI 🔴
📝 Eman atxikimendua eta babesa Aiaraldea Komunikabideari, hemen sinatuta 👇
www.labur.eus/amurrioneuskarazbizinahidugu
📍 Ekainak 21, ostirala, AGERRALDI HERRITARRA Amurrioko Juan Urrutia plazan, 19:30ean.
Laudioko Udalak bilera deitu zuen atzo Aretako herritarrekin azaltzeko zein den egoera Gasteiz kalean enpresa batek eraiki nahi duen gasolindegi merkeari (low cost) dagokionez. Auzo Kontseiluko kide batek Aiaraldea Komunikabideari argitu dionez, jasotako mezuak lasaitu ditu, baina ez dute inondik inora baztertzen mobilizazioak eta protestak deitzea Udalaren ekimenak nahikoa ez badira.
Gauzak horrela, tokiko erakundeko ordezkariek azaldu zuten hiru modutan saiatzen ari direla azpiegitura hori eraikitzea ekiditen, betiere legearen barruan. Alde batetik, bide legala jorratzen ari dira eta horretarako hainbat txosten eskatu dizkiete Arabako Foru Aldundiari zein Eusko Jaurlaritzari. Berez, printzipioz, HAPOa oinarritzat hartuta, Udalak ezin du ukatu jarduera baimena, baina bai asko murriztu enpresak egin dezakeena obren baimena eskatzen badute.
Horri lotuta, erakundeko teknikariek Gasteiz kaleko auzotarren lekukotzak jaso zituzten, salatu baitzuten makinak lursailera sartu zirenean etxeak mugitu zirela.
Bide politikoa
Udal gobernu taldeak hartuko duen beste bidea izango da politikoa, enpresarekin negoziatzen edo adierazten zein den aretarren jarrera.
Azkenik, eta epe motz edo ertainera begira, Udalak Plan Orokor Berezia garatzea nahiko luke, HAPOren barruan, ekiditeko beste enpresa batek antzeko proiektua aurkeztea egungoak uko egiten badu.
Udalak berak oharra plazaratu du gaur bertan informazio gehiena berresteko.