Maiatzean jakinarazi zuen Laudioko Udalak abidura neurtzeko radarra jarriko zuela funtzionamenduan ekainaren 1etik aurrera, lau kokaleku txandakatuta.
Karmengo Ama Birjina eta Goienuri kaleetan jarri zituzten lehen bi kabinak, eta orain zehaztu dute non jarriko dituzte beste biak: Gardeako negutegien aurrean egongo da lehena, eta Anuntzibai jauregitik gertuen dagoen Gasteiz kaleko zatian, aldiz, bigarrena.
Horrez gain, bestelako gailu batzuk ere prestatu dituzte: pertsonen presentzia antzematen duen argiztapen adimenduneko sistema bat instalatuko dute Nerbioi kaleko zebrabidean. Gainera, beste bi radar jarriko dituzte Zumalakarregin eta Goikoplazan, abiadura-muga errespetatu den ala ez kontuan hartuta aurpegi zoriontsu edo triste bat erakutsiko dutenak.
Horri lotuta, sentsibilizazio kanpaina ere atondu du tokiko erakundeak, hainbat panel informatiboren instalazioarekin. Datorren ikasturtearen hasieran, aldiz, herriko ikastetxeetara eramango dute egitasmoa, bide-hezkuntzako saioak eginez.