Lan delikatu bat gauzatuko dute bihar Laudioko Abasto plaza eraberritzeko obren barruan, merkatuko lokaletan dagoen amiantoa kentzen arituko baitira 8:00etatik 15:00etara bitartean.
Hala jakinarazi die Udalak inguruko bizilagunei, eta hainbat gomendio jarraitzeko deia luzatu diete lanek irauten duten bitartean. Tokiko erakundeak azaldu duenez, inguruko zonaldea itxiko da, eta ezingo da ingurutik ibili. Horrez gain, eskegitako arropa zein lorontziak kendu beharko dituzte , eta itxita mantendu beharko dituzte leiho, ate zein pertsianak. Ildo beretik, egunean bertan jarriko diren informazio kartelei kasu egiteko deia zabaldu dute.
Irudi honetan lerro horiz markatutakoa izango da biharko lanen eragin eremua:
Minbizia eragiten duen minerala da amiantoa. Berez, ez du aparteko arazorik sortzen isolatuta mantentzen bada. Manipulatzen bada da arrikutsua, zuntzak askatu egiten dituelako eta elementu txiki horiek arnastuz gero birikietako minbizia sortu daitekeelako epe luzera begira.
Iragan mendean asko erabili zen material hori, oso isolatzaile on eta merkea zelako, besteak beste. 2002an debekatu zen bere salmenta eta erabilera Espainiako Estatuan. Orduz geroztik, amiantoa kentzeko prozesu ugari egin dira eskualdeko udalerrietan.
Inbentario osatugabea
Novotec enpresak 2013an egin zuen Laudioko udal eraikinetako amiantoaren inbentarioa, baina zerrenda hori ez dago guztiz osatuta. Hori argi geratu zen iragan maiatzean, Udalak Granja kiroldegiko aldagelak itxi behar izan zituenean. Erakin horretako 63 bankutan topatu zuten minbizia eragiten duen material hori, 2013ko inbentarioan zerrendatuta ez zeuden arren.