Laudioko Udalak lasaitasun mezua zabaldu nahi izan du Abasto plazako amiantoa kentzeko gaur egingo diren lanen harira. Tokiko erakundeak zehaztu duenez, "fibrozementua duen instalazio baten estaldura islatzailea" da kenduko dutena, "aglomeratzaile eta amianto zuntzez osatuta dagoelako".
Udalak ziurtatu du kontrolpean egingo den lana izango dela eta ez duela inolako eraginik sortuko "auzokideen, obrako langileen edo gainerako herritarren osasun eta ongizatean".
Era berean, oharrean azaldu dutenez, "ohikoa" da horrelako materialak agertzea eraisketa lanak egiten direnean. Izan ere, 2002an debekatu zen material horren erabilera, bere zuntzek birikietako minbizia eragiten dutelako, baina ordura arte oso material erabilia zen, "bere ezaugarri isolatzaile, indartzaile eta suaren kontrakoengatik".
Era berean, Udalak nabarmendu du Abasto plazako erretiratze lanak egiten ari den enpresa Amianto Arriskua duten Enpresen Erregistroan erroldatuta dagoela, eta "ahaldunduta" dagoela, "hondakin hau kudeatzeko beharrezko neurriak abiatzeko".