Euskal Herriko Bilgune Feministak udazkeneko hitzordu garrantzitsuena zabaldu du jada: azaroaren 16an egingo dute Euskal Herriko Emakume* abertzaleon topaketa feminista Laudion. Hamargarren edizioa izango da aurtengoa, eta kartela eta leloa aurkeztu dituzte jada sare sozialetan: "Gorputz batek norabide batean hartzen duen hedadura". Irakurketa osoa euren webgunean plazaratu dute.
"Dimentsio guztietan eragin nahi dugu. Proposamen integralak egiteko espazio eta denborak partekatu nahi ditugu. Desiratzen dugun herria eraikitzeko urratsetan pentsatzeko ariketa egin nahi dugu, gaur egungo urratsetatik abiatuta. Gure lanaren dimentsioa hedatu nahi dugu: auzoetan, herrietan, Euskal Herrian. Egunerokotasunari lotutako esparruetan eta eremuz eremu inzidentzia feminista artikulatzen jarraitu. Hedatu", adierazi dute mezuan.
Bi urtero antolatzen dituzte topaketak, eta ikasturte hasieratik dabiltza prestaketa lanetan: "Topaketak gure estrategiaren berritze eta berrikuste gisa ulertzen ditugu. Euskal Feminismoak, testuinguru hori aldetzeko arduraz jardun behar du, eta norabide berdinean nahi dugu jardun Euskal Herriko Bilgune feministatik".
Euskal Herria feministaranzko bidean, nondik, nora eta nola trantsitatu zehaztu nahi dute horrela: "Trantsizio feministaren oinarrietan sakontzen jarraitzeko gunea sortu nahi dugu". Hala, etorkizun desiragarriak marrazteko erronkari heldu nahi diote, "aldi berean, etorkizun desiragarri horiek, orainaldian materialki errealak diren proposamenetan islatuz".