"Baka(I)rrizketak" ekimena prestatu dute Faktoriak eta Laudioko Udalak uztaileko lehen hamabostaldirako. Euskara Arloarekin batera sortu dute proiektua, eta Euskal Herriko hainbat tokitako umoregileak bertaratzea da asmoa. Hala, etzi (uztailak 4) izango da lehenbiziko saioa. Ekitaldi guztiak 20:00etan hasiko dira eta dohan izango dira, ez da izenik eman beharko.
Euskal Herriko umoregileez gain, bi laudioar oholtzaratuko dira: Unai Apraiz eta Julen Pagazaurtundua
Aste honetan ekin dio Faktoriak udako programazioari: asteartetik ostegunera egongo da gunea zabalik, eta arratsalde eta iluntzetan soilik egingo dira ekintzak. Astearteetan, oro har, nerabe eta familientzako jarduerak eskainiko dituzte; asteazkenetan sormen egonaldietako artisten saio irekiak; eta bakarrizketak ostegunetan. Gainera, Ekonomatuak afari eskaintza jarriko du egun horietan, nahi duen ororentzat.
Umore saioei dagokienean, aste honetako txanpan ondorengoek jardungo dute:
- Asier Galarza
- Aitziber Grados
- Maria Blanco
- Ander Malbadi
- Erik Urbieta
Uztailaren 11n izango da bigarren eta azken saioa (ondoren, astronomia gaua edukiko dute Urtzi Odriozolaren eskutik):
- Julen Pagazaurtundua
- Jokin Antsotegi
- Unai Apraiz