Prentsa oharra plazaratu du Batekin Arabako boluntariotzarako eta parte-hartze sozialerako agentziak, ekainaren 16an Zumalakarregi etorbidean margotzen hasi ziren murala bukatu dutela adierazteko eta horren esanahia azaltzeko. Hain zuzen ere, “Arabako elkarte-sarearen eta boluntarioen sustapenean atzemandako beharrei erantzuteko” sortu zen agentzia hori, eta 2021tik Aiaraldean ere presente daude.
Eskualdean, beste hainbat elkarte eta eragilerekin elkarlanean aritzen dira, hala nola Amukatu, Apdema, Asasam, Gurutze Gorria, Kirikiño, Nagusilan eta Tel Euskadi taldeekin.
Horiek guztiek eta beste hainbatek ere Boluntaiara izeneko boluntario sarea osatzen dute. Bertan, “arazo sozialei heltzeko eta kontzientzia sortzeko, justizia sozialaren, berdintasunaren eta pertsona guztiekiko errespetuaren balioak sustatzeko” lan egiten dute.
Horma-irudi honen bitartez, “kolektibo ahulenen ahotsa altxatzen eta herrian eragin positiboa sortzen” ahalegindu direla adierazi dute oharrean. Gainera, horma-irudian ikus daitezkeen hainbat elementu ere azaldu dituzte.
Honako irudi hauek osatzen dute murala, besteak beste: “Gizaki” hitza Laudion gehien hitz egiten diren hizkuntzetan idatzia (euskaraz, gaztelaniaz, arabieraz, tamazighz, errumanieraz, errusieraz, ukraineraz eta ingelesez); kolore, forma eta adin desberdinetako eskuak; garuna eta bihotzaren arteko harremana adierazten duen irudia; edota zeinu hizkuntzan “askotarikoak gara” dioen mezua.
Berdintasuna eta aniztasuna sustatzeko helburua duen proiektu artistiko hau egiteko, Boluntaiara sareko boluntario eta langileek Saioa “La Omega” artista gasteiztarraren laguntza izan dute.