Ehun urtetik gorako ezkiak moztu izana salatu du Gaden elkarteak, Arabako Naturaren Defentsarako eta Ikerketarako Taldeak. Bertako kideen aburuz, Udalak emandako argudioa, zuhaitzak gaixorik zeudela, alegia, “sentsibilitate eta antolaketa faltaren isla kezkagarria” da. Gainera, hainbat Udalek partekatzen duten “aitzakia” dela adierazi dute, eta ez dute ulertzen ezkiak udan mozteko erabakia. Izan ere, txoriek habiak egiten dituzten garaia da, eta udazkenean edo neguan moztea egokiagoa litzatekeela adierazi dute.
Egoera legez arautzeko beharra
Ildo horretan, Gadenek Eusko Jaurlaritzako legebiltzar talde berriari eskatuko dio hiri-zuhaiztia babesteko lege bat egitea. Elkartearen ustez, lege horrek, honako atal hauek jaso beharko lituzke, besteak beste: azterketa fitosanitario independenteak egiteko betebeharra, habiak egiteko garaian zuhaitzak mozteko debekua, eta zuhaitz-galerak konpentsatuko dituzten hiri-basoberritzeko planak.