X kuadrilla berpiztu dute 60. urteurrenerako

Erredakzioa 2024ko uzt. 9a, 12:12

14-15 urteko dozena bat gaztek sortu zuten jaietako talde hori 1963. urtean. Ekaineko azken ostegunean batu ziren bizirik geratzen direnak. 

Izena duena badela dio esaera zaharrak. Baina izenik ez duena ere existitu egiten da batzuetan. Horren adibidea da Laudioko X kuadrilla. 60 urte bete berri dira talde hori eratu zenetik, eta bizirik geratzen diren kideak hori ospatzeko batu ziren ekaineko azken ostegunean. Herriko plazan geratu ziren talde argazkia egiteko, eta kalejira egin zuten jarraian txistulari eta guzti, okasiorako berariaz prestatutako pankartarekin.

1963. urtean ekin zioten kuadrilla sortzearen ideiari bueltak emateari. Oso bestelako garaiak ziren: 14-15 urte zituzten eta elizako arkupean biltzen ziren jolastu eta elkarrekin egoteko. Dozena bat kide inguru bildu ziren garai hartan. Gaur egun, 7-8 dira, gainontzekoak zendu egin direlako. 

Hala azaldu dio Adolfo ‘Fito’ Guerrerok Aiaraldea Komunikabideari. Kuadrillako kideak azaldu duenez, taldeari izenik jarri gabe ospatu zituzten lehenengo sanrokeak. “Prentsan aipamena egin zitzaion gure taldeari, izenik ez zuela aipatuz”. Hurrengo urtean erabaki zuten taldeari ‘X’ deitzea, izen eza izentzat hartuz. 

Kalejiretan parte hartzen zuten gehienbat. Horretarako, Javi Latorre fitxatu zuten txistulari gisa. “Gurea izan zen horrelako musikari bat zeukan lehen kuadrilla”, nabarmendu du Guerrerok. 

Baina esperientziak ez zuen asko iraun. Adinez nagusi bihurtzean zerbitzu militarra egiteko unea iritsi zitzaien kuadrillako kideei, ia gehienak baitziren gizonezkoak. Etenaldi hori behin betikoa bilakatu zen, soldaduzkatik itzultzerakoan ez zutelako kuadrilla berrosatzerik izan. Hala ere, taldearen historia argitara atera zen berriz duela zenbait urte, Antzinako Kuadrillak berpiztu eta batzeko dinamika abiatu zenean. 

Argazkiak: Joane Maiz Martinez

Argazki zaharrak: X kuadrilla

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide