Artziniegako zuzendaritzaren dimisioak arreta gehien erakarri badu ere, eskualdean ikastetxe gehiago daude zuzendaritzan zein irakasleen kolektiboan murrizketak izateko arriskuan. Zehazki, Latiorro Eskolako eta Aretako Herri Eskolako kasuak dira horiek.
Hain zuzen, Latiorron 30 gelatik 29ra igaroko dira eta hori denez Hezkuntza Sailak ezarritako langa (20-29 gela eta 30-39) langileen postuen zerrenda banatzeko, zuzendaritzan hiru lanaldietatik bira pasako dira eta hezitzaileen esparruan 55,33 lanaldietatik, 50,60ra, alegia.
Matrikulazioen jaitsiera garrantzitsua da, baina Hezkuntzak nola kudeatzen dituen ere
Latiorron gertatzear dagoen murrizketaren sorburua bada bi urteko umeen artean matrikulazioak behera egin duela eta horrek eragin duela hiru gelatik bi gelara murriztea kopurua.
Dena den, aldaketa hori ez da guztiz neutroa. Berez, jadanik bi urteko bi gela beteta dituzte (18 ikasle da gehienezko kopurua) eta beste hiru matrikulazio dantzan daude.
Latiorroko ikastetxean bi urteko geletan gehienezko kopurura heldu dira eta beste hiru matrikula daude dantzan. Hiru ikasle horiek, euren nahia jarraiki, Latiorrora joango balira, beste gela bat edo bitarteko gehigarriak ezarri beharko lituzke Hezkuntza Sailak
Hiru matrikula horiek behartuko lukete Hezkuntza Saila edo gela berria irekitzera -18ko muga gaindituko litzateke eta- edo 36 ikasleak beste modu batean banatzera, bitarteko gehigarriak bideratatuta horretarako.
Hain zuzen, Lehen Hezkuntzako 6. gelan egoera hori jazotzen da jadanik Latiorron. 23 ikasle muga izanda, gela guztiek dauzkate 24 eta horretarako lanaldi gehigarria ezarri dute. Horregatik, hain zuzen, Latiorroko lanaldiak 52,5ra helduko litzateke 2024/2025 ikasturtean.
Matrikulen kudeaketa
Gatazka, hortaz, zehaztu gabeko bi urteko hiru matrikula horietan datza, baina, arazoa, nolabait, bada matrikula horiek ez zirela epe barruan egin eta, ondorioz, ez direla automatokiko Latiorro Ikastetxekoak -nahiz eta bik argi eta garbi eskatu ikastetxe hori-. Zehazki, hiru matrikula horiek -familien egoeren ondorioz- epez kanpo egin ziren eta Eskolaratze Batzordearen eskumena erabakitzea nola bideratu.
Eskolaratze Batzordeak beste eskola batzuetara eraman nahi ditu ikasleak, baina bi familik adierazi dute Latiorro nahi dutela arrazoi oso zehazengatik.
Alde batetik, familia bat Laudioko herrigunetik kanpoko auzune batean bizi delako eta, ondorioz, garraio publikoa behar duelako. Egun, Laudion zerbitzu hori eskaintzen duen ikastetxe bakarra Latiorrokoa da.
Bestalde, plaza Latiorron eskatu duen beste familiak badauka, jadanik, beste ume bat han.
Gauzak horrela, familien nahia beteta, Latiorro Eskolako murrizketak bertan behera geratuko lirateke, beste gela bat irekitzeko beharrarekin. Hala ere, ikastetxeko zuzendaritzak malgutasuna adierazi du, eta, gela berria irekiko ez balitz ere, bitarteko gehigarriak onartzeko prest dago, Lehen Hezkuntzako 6. geletan egin bezala.
Aretan ere murrizketak
Aretan ere, matrikulazioen jaitsiera dela medio, bi eta hiru urteko gelak eta lau eta bost urteko gelak batuko dituzte. Ondorioz, aholkularitzan, berrikuntza arduradunean eta zuzendaritza taldean lanaldi murrizketak aurreikusi ditu Hezkuntza Sailak. Hain zuzen, lanaldi bat oso eta beste erdi bat galduko ditu ikastetxeak.
Aretako hezkuntza komunitatea, Ordezkapen Goreneko Organoaren partaideen bidez, hasi da idazkiak bidaltzen Eusko Jaurlaritzara, hori gerta ez dadin. Euren aburuz, murrizketek umeei zein langileei eragingo diete modu negatiboan eta horregatik ez dira onargarriak.