Ane filmarekin estreinatu zen David Pérez Sañudo Zinemaldian eta aurtengo edizioan Donostiara itzuliko da, Azken Erromantikoak aurkeztera. Txani Rodriguezek Seix Barral argitaletxearen eskutik plazaratutako izen bereko eleberrian oinarrituta dago pelikula, eta Marina Parés eta Pérez Sañudo bera arduratu dira 2020an Euskadi Literatura Sariaren irabazlea izan zen liburua zinemetarako egokitzen. Zinemaldiko New Directors kategoriaren barruan izango da estreinaldia, eta Miren Gaztañaga filmaren protagonistak komunikabide honi adierazi dionez, “oso pozik” daude berriarekin; izan ere, “garrantzitsua da pelikula bat non estreinatzen den eta ez da horren erreza Zinemaldian sartzea”.
Sinopsia
Gaztañagak Iruneren papera antzeztuko du: Arabako herri industrial bateko paper fabrika batean lan egiten duen emakumea, bere buruarengan segurtasun handirik ez duena, eta nahiko bakartia. Bere bizitza goitik behera aldatuko da bularrean koskor bat topatzean. Gainera, horrek berari zuzenean eragiten dion lan gatazka batekin bat egingo du denboran. Dena den, ustekabe horiek inoiz bururatuak ez zitzaizkion ateak zabalduko dizkio.
Filmazioaren kokapena
Hainbat kokapen ezberdin ditu filmak: Elgoibar, Gernika, Lisboa, Ronda… Otsailaren 14an, berriz, Laudion filmatu zuen pelikularen lan taldeak, eta bertan egon zen ere Txani Rodriguez, istorioaren idazlea.