Gaur arratsaldean aurkeztu dituzte Laudioko jaien pregoilariak, txupineroak eta kartel lehiaketako irabazlea. Ekitaldian, udal ordezkariek ez ezik, kuadrillako hainbat kidek ere parte hartu dute. Modu horretan, zeharkada bada ere, Vocento taldeak argitaratutako albistea gezurtatu dute. Albiste horien arabera, kuadrillek planto egingo zuten jaietan, dirulaguntzen atzerapena dela eta.
2024ko sanrokeen pregoilaria herriko gaitero taldea izango da. 1993an sortu zen elkartea eta horrela aitortu nahi dute egindako lana hiru hamarkadetan. 30 urte ere bete ditu Itzelak koadrillak eta horregatik bere kideen esku egongo da txupinazoa jaurtitzea abuztuaren 15ean. Berez, ospakizunak egun horretan hasi eta 18ra arte iraungo dute. Etenaldi baten ondoren, 21ean abiatu eta 25ean amaituko dira.
Sonia Respaldiza jaietako zinegotziak eman ditu azalpenak:
🎉 Laudioko jaietako kartelak, pregoilariak, txupineroak eta jarduerak aurkeztu dituzte
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) July 22, 2024
Info+ 👉 https://t.co/ulACiL87Dt
🗣️ Sonia Respaldiza zinegotziak eman ditu xehetasunak 👇👇👇 pic.twitter.com/Fm0fdKL3fb
Kuadrillek ere jaietan egingo dituzte ekarpenak
Gaurko agerraldiak ere balio du irudikatzeko Vocento taldeak argitaratutako albistea ez zela egia eta kuadrillek ez dutela planto egingo jaietan, gaiari aipamen zehatzik egin ez zaion arren agerraldian. Ainize Gastaka alkateak honakoa aipatu du: "Dirulaguntzen izapideak aurrera doaz, eta kuadrilla eta elkarte guztiek izango dituzte beren ekitaldiak burutzeko behar dituzten baliabide ekonomikoak. Horren harira, goraipatu eta eskerrak eman nahi dizkizuet guztioi erakutsi duzuen lankidetzagatik festa inklusiboak, errespetuzkoak eta dibertigarriak diseinatzen. Laudioko gazteak beren herriarekin modu horretan inplikatzen direla ikustea benetan hunkigarria da".
Maite Cuesta Huertaren kartela
Aurtengo jaietako kartelaren irabazlea Maite Cuesta Huerta laudioarra izan da. Jai osasuntsu, Laudio zoriontsu da bere lanaren izenburua eta 652 bozetatik 343 jaso ditu:
🎨 Jaietako kartela ere aurkeztu dute. Maite Cuesta Huerta laudioarrak egin du aurtengo irudia 👇👇👇 pic.twitter.com/mEsUcB3n65
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) July 22, 2024
Jai egitarauaren kontrazalean, gainera, Kattalin Egia Etxeberriaren Aupa Laudio irudia joango da:
🎨 Kattalin Egia Etxeberriaren marrazkia, aldiz, umeen kartel lehiaketan hautatu dute 👇👇👇 pic.twitter.com/1uQjR4TmDj
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) July 22, 2024
160 ekitaldi bederatzi egunetan
Aurtengo egitaraua 160 ekitaldik osatzen dute orotara: 70 musika emanaldi, haurrentzako 30 bat jarduera, 20 kultur ekitaldi baino gehiago eta hamabost bat ekitaldi gastronomiko, bost entzierro eta 10 diziplinatako kirol ekitaldi. Jarduera horiek guztiak antolatzeko, tokiko 40 eragile eta kuadrilla baino gehiagok parte hartu dute.
Musika izango da egitarauaren osagai nagusietako bat. Lehenengo gauean, abuztuaren 15ean, Formula V taldeak Herriko Plazan joko du, Akerbeltz erromeriak txosnetan, eta 1970, 1980 eta1990eko hamarkadetako DJ batek Alberto Acero plaza girotuko du.
Biharamunean, El Drogasek hartuko du Zumalakarrregi etorbidea eta Oki Moki, Ithaka eta DJ Salda Badago txosnetan arituko dira. Larunbatean, abuztuaren 17an, Boney M disko taldearekin jarraituko du musikak Zumalakarregin. Txosnetan, Txopet rock taldea, Nakar punk talde elektronikoa eta DJ bat ere igoko dira oholtza gainera.
Bestalde, Tremenda Jauria taldearen aldarrikapen hitzak, eta bere musika folkloriko eta abangoardisten fusioa ere izango dira hilaren 22an Herriko Plazan, Koadrilen Egunean. Txosnen esparruan, aldiz, BOTH, Moonshine Wagon eta Muxutruk erromeria izango dira.
Gazteek, bestalde, Peio Reparaz nafarraren Zetak taldea ere izango dute Zumalakarregin, hilaren 23an, baserritarren egunarekin bat eginez. Bitartean, Eire, Guda Dantza eta Xaukena Xauk arituko dira txosnetan.
Azken kontzertuak larunbatean, hilak 24, izango dira, Estrella del Norte orkestraren eta DJ Baden eskutik.
Nagusi zein umeentzako egitarauak
Aurten, nagusiek eta txikiek denontzako pentsatutako egitarau zabala izango dute. Izan ere, lehen nobedadea 15ean bertan helduko da, 13:00etan, apar-festarekin eta Iratzarren erromeriarekin. Ruperto Urkijoren omenaldia eta Aire Zabaleko XXVI. Pintura Lehiaketa ere izango dira egun horretan.
Koadrilak, berriz, herriko hainbat txokotara itzuliko dira, kalejirak, jolasak eta musikarekin, herritar guztien gozamenerako. Edozein kasutan, jai giroa ziurtatuta egongo da kaleetan, herriko txistulari, trikitixa eta dultzainero taldeekin, aurtengo jaien protagonistak izango direnak.
Ekintza herrikoiek ere protagonismo berezia izango dute jaietan. Hilaren 23an Baserritarren Eguna ospatuko da eta hurrengo egunean ohiko odolkiek euren usainarekin beteko dituzte Laudioko kaleak. Era berean, ez dira faltako herri kirol hitzorduak, hainbat espezialitatetako lehiaketa gastronomikoak eta ohiko txapelketak.
Kirol arloan ere jarduera berri bat izango da aurten: auto klasikoen, kirol-autoen eta berezien kontzentrazioa. Ekimena abuztuaren 18an izango da. Bestalde, herriko kirol elkarteek ere ekintzak antolatuko dituzte bederatzi egunetan laudioarrentzat.
Aurten ere, lehen aldiz, atzoko gazteen omenezko bazkariarekin batera, abuztuaren 17an dena, Laudioko 5 eta 16 urte bitarteko gazteek ere paellada beganoa izango dute Lamuza parkean, gure gaurko gazteen bazkariaren lehen edizioa estreinatuz. Egun berean, Udaleko Gobernantza Feministako unitateak Burbuilak, Alarma Morea eta Matx taldeen kontzertuak programatu ditu Alberto Acero plazan. Azkenik, 22:00etan, Lamuza parkean, "Beldurrezko lehen ibilaldia" egingo da.
Eraso matxisten kontrako protokoloa
Udaleko Gobernantza Feministaren unitateak indarkeria matxistaren aurkako protokoloa indartuko du aurten 24 orduko zerbitzu batekin. Horrela, erasoren bat jasaten duten pertsonek 635 703 855 telefono zenbakira deitu ahal izango dute.
"Arreta psikologiko espezializatua bermatuko da, eta egunean zehar aurrez aurreko arreta eskainiko da", gogorarazi du Nagore Gomara zinegotziak.
Halaber, jaiak indarkeriarik gabeko guneak izan daitezen, Beldur Barik taldeak karpa bat jarriko du hilaren 15ean Batzalarrin kalean, 11:30etik 14:30era, eta 22an eta 24an, 19:00etatik 22:00etara. Udalerriko LGTBI+fobiaren erradiografia lortzeko asmoz, hilaren 21ean Ikusgune karpa prestatuko da Batzalarrin kalean. Gunea herritarren eskura egongo da 19:00etatik 22:00etara.
Gobernantza Feministako arduraduna den Nagore Gomara zinegotziak eman ditu gai horri lotutako azalpenak:
🟣 Gobernantza Feministaren sailetik, aldiz, eraso matxisten aurka abiatuko dituzten dinamikak azaldu dituzte.
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) July 22, 2024
🗣️ Nagore Gomara zinegotziak eman ditu azalpenak 👇👇👇 pic.twitter.com/GxKwp6t64E