Lehenengo aldia da kartel lehiaketan parte hartzen duzula?
Ez, ez da lehenengo aldia. Duela 11 urte haurren lehiaketan parte hartu eta irabazi nuen. Nire amak behintzat esaten du hortik inspirazioa hartu nuela eta nolabait esan nuela etorkizunean helduen kartel lehiaketan parte hartuko nuela, eta iritsi da egun hori eta azkenean irabazle izan naiz, eta nahiko alai nago horregatik.
Lehen aldia izan da helduen edizioan parte hartzen duzula?
Bai, hau izan da lehen aldia.
Nolakoa izan da kartela sortzeko prozesua?
Egia esan, arte digitala ez da nire margotzeko eredu nagusia. Nik berez arkatzez eta margoz egiten ditut nire marrazki gehienak. Beraz, lehenbizi bozetoa egin nuen arkatzez eta digitalizatu egin nuen gero. Denbora eskatu zidan horrek, berez ez nagoelako trebatuta eta ez dudalako trebakuntza profesionalik horretan. Amateur bat naiz, egia esan.
Inspirazioa Laudion ikusten diren jaietako ikur nagusietatik hartu dut eta guztia kartel batean islatzen saiatu naiz. Nahiko harro nago (barreak).
Ilustrazioaren esparruan aritzen zara?
Ez. Ni berez unibertsitateko ikaslea naiz, biokimika ikasten dut.
Zaletasuna da, beraz.
Hori da, zaletasuna da. Ni berez zientziaren alorrean sartuta nago.
🎨 Jaietako kartela ere aurkeztu dute. Maite Cuesta Huerta laudioarrak egin du aurtengo irudia 👇👇👇 pic.twitter.com/mEsUcB3n65
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) July 22, 2024
Beste lehiaketaren edo proiekturen batean aritu zara ilustratzaile moduan?
Txikitan parte hartu nuen lehiaketetan eta horietako batzuk irabazi nituen, baina heldu moduan hau da lehiaketa batera aurkeztu naizen lehen aldia. Momentu garrantzitsua da beraz, berezia.
Honek motibatu zaitu ilustrazioaren munduan jarraitzera?
Gustatuko litzaidake. Egia esan, karrerak denbora pixka kentzen dit eta denbora atera behar izan dut hau egiteko, baina espero dut etorkizunean trebakuntza profesionalago bat izanda, ilustrazio digitalean master bat edo ikasketaren bat eginda.
Kanpotik ikusita, bi esparru oso ezberdin dirudite biokimika eta ilustrazioa…
Bai, hori da (barreak). Horregatik pixka bat zaila da biak uztartzea, eta hori gertatu zait urte osoan zehar, ikasketetan murgilduta nagoela, baina margotzeko ez dudala denbora nahikorik ateratzen.
Aurtengo jaiak bereziak izango dira zuretzat. Nola biziko dituzu?
Ni laudioarra izanda txikitatik egon naiz bestetan eta nire oroimenean nahiko presente dagoen gauza bat da. Orain, heldua bilakatzean, beste ikuspegi bat garatu dut pixkanaka. Ez naiz oso pertsona festazalea, baina ateratzen naizenean normalean nahiko ondo pasatzen dut.
Esan duzun bezala, aurten jai bereziak izango dira, nire kartela ikusiko dudalako eta errepresentazio hori niretzat nahiko berezia delako. Kartelean ahalik eta pertsona gehien identifikatu daitezen saiatzea izan da nire asmoa. Hori lortu dudala uste dut eta horregatik espero dut jaietan jendea identifikatua sentitzea kartelarekin.
Maite Cuesta Huertarena ez da izango Laudioko jaiak ilustratuko dituen kartel bakarra. Kattalin Egia Etxeberriak eginiko marrazkia joango da egitarauaren kontrazalean, berak irabazi baitu haurren kategoriako lehiaketa:
🎨 Kattalin Egia Etxeberriaren marrazkia, aldiz, umeen kartel lehiaketan hautatu dute 👇👇👇 pic.twitter.com/1uQjR4TmDj
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) July 22, 2024