San Roke Kofradiak Ariadna Martinez opera-abeslariari eta Antonio Oyarzabal pianistari emango dizkie pitxerrak

Oihane Ozaeta Fernandez 2024ko abu. 7a, 12:49

San Roke Kofradiako kideak artxiboko irudi batean. / Aiaraldea.eus

Abasto merkatuko obrak direla eta, aurten Laudioko San Roke Kofradiaren bazkaria ez da elizako arkupeetan egingo, institutuko jolastoki estalian baizik.

Laudioko kofradiak 2024ko ohorezko pitxerrak laudioar ospetsu biri emango dizkie: Ariadna Martinez eta Antonio Oyarzabali. Ariadna Martinez opera-abeslaria da eta Madrilen bizi da, Antonio Oyarzabal, berriz, pianista da, musika klasikoko hainbat disko sortu ditu eta Londresen bizi da.

Abuztuko azken igandean omenduko dituzte biak Erroke Deuna kofradiaren tradiziozko bazkaria baino lehen. Aurten, bazkaria ez da elizako arkupeetan egingo, institutuko patio estalian baizik.

Ohiko menua egongo da, ogi-zopa, garbantzuak eta haragia tomatearekin, eta postrerako udare bat. Berrikuntza bezala, kofradiakideek janaria jaso eta etxera eraman ahal izango dute.

Ardoaren fora tradizionala, elizako arkupean egin beharrean, udaletxe zaharreko sarrerako arkupean egingo da, pregoia eta gero, abuztuaren 14ean, 19:30ean. Bertan,  jaietako azken igandeko bazkari historikoan hartuko den ardoa zein izango den erabakiko da.

Bestalde, abuztuaren 16an, Erroke Deuna eguneko ekitaldi instituzionala egingo da parrokian bertan, 11:00etako mezaren ondoren. Bertan, kofradiak "urrezko domina bana emango die kofradian 50 urte daramatzaten bi kofradiakideri, eta, berrikuntza gisa, bi diploma emango dizkie erakundean 75 urte baino gehiago daramatzaten kofradiakideei”. Aurten Félix Bengoa eta Juan Antonio Urquijorentzat izango dira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide