Antonio Oyarzabal laudioarrak bere bosgarren diskoa plazaratu berri du: La muse oubliée II. Lan horrek aurrekoaren ildo bera jarraitzen du eta 18 emakume konpositoreren piezak berreskuratu ditu. Kasu batzuetan historian lehenengo aldiz grabatu ditu.
Nadia Boulanger, Cecilia Chaminade, Florence Price, Ljubica Máric... garai eta toki ezberdinetakoak izanda ere, ezaugarri bera dute denek: emakumezkoak izateagatik ez zutela aitortzarik izan. Oyarzabalek azaldu du motibazio topatzen duela emakume hauen bizitzetan eta lanean ikertzen, musikaren historiografiak baztertu baititu.
La muse oublieé II aurreko lanaren bidea hartu du eta aipatzekoa da lehenengo parteak oso kritika onak jaso zituela. Jadanik entzungai dago hainbat plataforma digitaletan eta IBS Classical disketxe ospetsuak CD euskarrian argitaratuko du laster.
Isabel Coixeten saioan hizpide igandean
Gauzak horrela, Isabel Coixetek zuzentzen eta aurkezten duen irrati saioaren ardatza izango da Oyarzabal igandean, 17:00etik aurrera RNE3 irratian.
Aitortza ez zaio bat-batean heldu laudioarrari. Londresen bizi da bere ibilbideagatik eta iaz Estatu Batuetan, Frantzian, Austrian, Arriaga Antzokian eta Royal Albert Hallen jo zuen, besteak beste. Aurki Wigmore Hallen aurkeztuko du lan berria, eta Présence Compositrices de Toulon jaialdian egongo da.
Lan gehiago
Oyarzabalen sormen gaitasuna zabala denez, ekainean disko berria grabatuko du Madeleine Dring konpositorearen piezekin, eta horretarako Nicholas Danielekin sartuko da grabaketa estudioan.
Horrez gain, nabarmentzekoa da iaz El fin del silencio diskoa ere burutu zuela, Hego eta Ertain Amerikako 30 emakume konpositoreen kantekin.