Itzelak kuadrillako kideek bazuten susmoa euren esku geratu ahal zela aurtengo txupinazoa jaurtitzea, 30 urte bete dituztelako: “Betidanik Suziri Jai Batzordearen parte izan gara eta horrelako beste egoera batzuk bizi izan ditugu jada. Hau da, kuadrilla baten urteurrena heltzen denean, 30. urteurrena gure kasuan, errekonozimendu gisa aitortzen zaio txupinero izateko aukera”. Gerora, intuizioa zuzena zela erakutsi du jai antolatzaileen erabakiak eta jadanik ekin diote ospakizunen prestaketari. Izan ere, kuadrillatik ehun kide inguru igaro dira eta gaur egun ia 50 daude aktibo. Adin tartea oso anitza da eta 18 urtetik 50 urtera heltzen da. Horrek suposatzen du euren jantzien bertsio ezberdinak daudela eta ados jarriko direla guztiak kalera ateratzeko sanrokeetan euren uniforme gorria, zuria eta urdina erakusteko. Hori bai, guztiak ez dira berdinak, lehen blusa egiteko erabili zuten oihala ez dute inoiz lortu berriro, adibidez.
Horri gehitu behar zaio hiru hamarkadetako efemeridearekin batera berrikuntzak egin dituztela: “Ospakizunak alde batera utziz, aldaketa nabarmena egin dugu kuadrillan, jantzia aldatu dugu. Lehengo kuadrillen jantzien arteko ezberdintasuna kolorea baino ez zela esan dezakegu. Gehiengoak lauki txikiz eginezko gona eta blusaz osatuta zeuden. Garaiak aldatu dira eta harekin batera euskal jantziak egiteko erabili izan ohi diren oihalak ere. Ugariak dira orain lore, marra edota forma ezberdinez eginikoak. 30 urtez erabili izan dugun jantzia aintzat hartuta sortu dugu berria”.
Taldearen ibilbidearen hasiera Laudio Institutuan dago. 1994an hainbat neska batu ziren euren kuadrilla sortzeko.
Kuadrillaren izaeran aldaketak
Taldearen ibilbidearen hasiera Laudio Institutuan dago. 1994an hainbat neska batu ziren euren kuadrilla sortzeko eta ezaugarri berezia izan zuen Itzelak-ek hasieran. Izan ere, emakumezkoek osatutako kuadrillak ez ziren horren arruntak eta urte luzez izaera horri eutsi diote: “Garai hartan neskez osatutako kuadrilla bakarra zegoen Laudion, gainontzekoak soilik mutilentzat edota mistoak ziren”.
Dena den, aldaketa heldu da Itzelakera; gizonezkoak ere onartu zituzten iaz eta, aurten proposamen berriak jaso ondoren, baiezkoa eman diete. “Gizartea aldatuz doa, eta harekin batera taldea osatzen dugunon ikuspuntua. Hori dela eta, iaz Itzelaken parte bilakatu ziren lehenengo mutilak. Bidea zabaldu dute eta aurten ere partaide berriak izan ditugu, neskak zein mutilak”, azaldu dute.
Pozik, zailtasunak gaindituta
Itzelakeko partaideak pozik daude izango duten eginkizunarekin. Berez, 30 urteko markara heltzea ez baita erraza izan eta zenbait gorabehera ezagutu dituzte.
Aldaketa heldu da Itzelakera; gizonezkoak ere onartu zituzten iaz eta, aurten proposamen berriak jaso ondoren, baiezkoa eman diete.
Hala azaldu dute: “Lehen kuadrillen kopurua murritzagoa bazen ere, oso jendetsuak ziren. Ez ziren kuadrilla berriak sortzen, baizik eta zeudenen artean aukeratu eta haien parte izatera pasatzen zinen. Belaunaldi berriekin batera, aldaketak etorri ziren eta kuadrilla berriak sortzeak arestian zeuden kuadrillen partaide kopuruaren murrizketa eragin zuen. Gu, esaterako, 30 pertsona inguru izatetik, zazpi baino ez izatera pasa ginen, eta horrela iraun izan dugu zenbait urtetan”.
Dena den, partaide urriko garaiak atzean geratu dira eta kuadrillak lortu du jende gehiago batzea egitasmora eta euren artean pasatzea lekukoa.