Sorpresarik gabe baina urteroko zirrara handiarekin hasi dira Laudioko jaiak. Ohiko eskema jarraitu dute txupinazoaren aurreko zein osteko orduek, orain arte behintzat. Goizean kuadrilletako kideak bildu dira Alberto Acero plazan, eta indarrak hartu dituzte Baldarrak taldeko kideek prestatutako gosariarekin.
Ondoren, Herriko plazarantz jo dute denek, batukadaren erritmora. Iritsi direnerako ehunka lagun zeuden dagoeneko bertan, eta Itzelak kuadrillako kideak apur bat aurreratu dira, balkoira igo direlako lehen txupina piztera. Jai-talde horrek 30 urte bete ditu aurten, eta hori agerikoa izan da, belaunaldi ezberdinetako kideak igo baitira jaiei hasiera ematera.
Urrezko katxia Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformari
Jaiak eztanda egin ostean herriko hainbat zonaldetan barreiatu da jaia. Arloteek, adibidez, ohiko omenaldia egin diote Ruperto Urquijori, bere eskulturaren aurrean:
🎶 Txupinazoaren ostean, ohiko omenaldia egin diete arloteek Ruperto Urquijori
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) August 15, 2024
Ikusi Laudioko Jaien hasierako argazki guztiak hemen 👉 https://t.co/K92tFxmnwQ pic.twitter.com/YpkZH3Qk2E
Batukadak, aldiz, herriko kale nagusiak zeharkatu ditu, erraldoi eta buruhandiekin batera. Txosnagunean amaitu dute ibilbidea, jai-gune horren irekiera ofizialarekin bat eginez. Ohikoan bezala, Txosna Batzordeko kideek Urrezko Katxia banatu dute. Aurten Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformari egin diote aitortza, azken urtean zehar eskualdeko energia berriztagarrien makroproiektuen aurka eginiko lanagatik:
🏆 Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak jaso du @laudiokotxosnak -en Urrezko Katxia
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) August 15, 2024
Ikusi Laudioko Jaien hasierako argazki guztiak hemen 👉 https://t.co/K92tFxmnwQ pic.twitter.com/wOCUWoimtt
Larunbatera arte luzatu da Laudioko jaien lehen zatia. Hemen ikusi daiteke egitarau osoa.
Argazkiak: Naia Vallejo Torres eta Aitor Aspuru Saez