Herrian modu jarraian ematen ari diren erasoen aurrean, eta jaien testuinguruan, “Ez isildu” inkesta anonimoa jarri du martxan Laudioko Mugimendu Feministak, edozein eraso salatzeko.
Mugimendu Feministako kideek nabarmendu dute jai eta gau eremuan askotan erasoak areagotzen direla, eta "harreman eredu sanoen alde apustu" egiten dutela: “jaiak, plazak eta gauak gureak ere badirelako eta gozatu nahi ditugulako”.
Inkestaren hasieran azaltzen den bezala, sare sozialak eta espazio publikoa erabiltzea da asmoa, kartel eta argitalpenen bidez eraso hauen berri emateko. Dena den, hala eskatuz gero, kontatutako erasoa ez da publikoa egingo. Galdetegian badago galdera bat erantzun hau jasotzeko.
Are gehiago, inkesta honi erantzunez ez da inoren nortasuna inon gordeta geratuko. Hala ere, aukera dago harremanetan jartzeko kontaktu bat uzteko. “Bakoitzaren eskuetan dago kontatu nahi duen horren muga. Horregatik ere, erantzunak ez dira nahitaezkoak, norberak erabakitzen du zer galdera erantzun eta zein ez”.
Bestalde, “Ez isildu" tresna haien arteko babesa sendotzeko eta saretzeko erabili nahi dute ere Laudioko Mugimendu Feministako kideek. Beraz, edozein eratako laguntzarik behar izatekotan, helbide elektroniko bat jarri dute eskuragarri: laudiokomugimendufeminista@gmail.com.
635 703 855 da erasoak salatzeko telefonoa eta 24 orduz egongo da funtzionamenduan, jaietako egun guztietan.
24 orduko salaketarako telefonoa eta "Beldur barik" gunea
Tresna honetaz gain, 24 orduko salaketarako telefonoa ere egongo da Laudioko jaietan zehar. Azken urteetan Laudioko Mugimendu Feministak kudeatu du erasoak salatzeko telefonoa. Aurten, aldiz, Laudioko Udaleko Gobernantza Feministaren sailak hartu du zerbitzu hori atontzearen ardura. Hala ere, bertara deitzen duten pertsonek aukera izango dute mugimendu feministarekin zuzenean harremanetan jartzeko, hala eskatuz gero. Gainera, bertatik aukera egongo da ere arreta psikologikoa jasotzeko. 635 703 855 izango da telefono zenbaki hori eta 24 orduz egongo da funtzionamenduan, jaietako egun guztietan.
Bestetik, indarkeria matxistarik gabeko "Beldur barik" gunea egongo da jaietan, Batzalarrin kalean. Abuztuaren 15ean 11:30etik 14:30era egon da. 22an eta 24an, ordea, 19:00etatik 22:00etara jarriko dute. Ikusgunek ere karpa jarriko du hilaren 21ean toki berean, "udalerriko LGTBI+fobiaren erradiografia lortzeko". 19:00etatik 22:00etara egongo dira bertan elkarte horretako kideak.