Laudioko Txosnagunean lapurtzera sartu dira, Txosna Batzordeak salatu duenez. "Gureak herritik, eragile anitzen artean eta herriarentzat antolatzen ditugun jaiak" direla nabarmendu dute, eta, beraz, mota honetako gertakariak "auzolanean eta herritik eraikitzen den proiektu batekiko nahiz bera osatzen duten kideekiko erasoak" direla.
Gogoratu behar da 2019an ere txosnetan lapurtzera sartu zirela jaien lehen gauean eta, horren ondorioz, bertan behera utzi behar izan zutela hurrengo goizeko egitarau osoa. Horren aurrean, argi utzi dute "lanean" jarraituko dutela, "eraso guztien gainetik".