Bertan behera utzi dute Baserritar Eguneko bola txapelketa, “Udalaren diru-laguntza iritsi ez delako”

Txabi Alvarado Bañares 2024ko abu. 21a, 12:59

Baserritar egunean jokatuko zen txapelketa. / Aiaraldea.eus

Ruperto Urquijo Bolatoki Klubeko kideek azaldu dute maiatzetik daramatela laguntzen zain, eta iazko aurrekontuko soberakinak baliatuta egin behar izan dituztela azken bi txapelketak.

Ez da bola txapelketarik egongo Laudioko jaietan. Ostiralean egingo zen San Roke bolakeku sari handia izen bereko bolatokian, Baserritar Egunaren testuinguruan. Baina urteroko proba hori bertan behera uztea erabaki du Ruperto Urquijo Bolatoki Klubak.

Taldeko kideek maiatzetik daramate Udalak urtero ematen dien diru-laguntzaren zain. “Duela hilabete bat esan ziguten dirua kontu korrontean sartuko zigutela, baina oraindik ez da iritsi”, azaldu dio Adrian Del Riok Aiaraldea Komunikabideari. Klubeko presidenteak nabarmendu du “iazko aurrekontua baliatuta” finantzatu dituztela azken bi probak. “Guk dirua aurreratu behar izatea ez da egoera aproposa”.

Horregatik erabaki dute planto egitea, eta jarrera bera hartzeko deia luzatu diete herriko beste elkarteei. Izan ere, Del Rioren hitzetan, herriko beste hanbat kultur eta kirol elkarte daude arazo berdinekin, “kuadrillei soilik” eman zaielako dagoeneko jarduerak antolatzeko dirua.

Bolatoki klubeko kideentzat ez da erabaki erraza izan plantoarena. Izan ere, Baserritar Eguneko proba txapelketa handiago baten parte da, eta ez egiteak albo-kalteak eragin ditzake gerora etorriko diren beste probetan. Gainera, bolatokiak diru-laguntza jasotzen du baita Foru Aldunditik, eta laguntza hori ere arriskuan egon daiteke, urtean txapelketa kopuru zehatz bat egitera konprometitzen duelako kluba.

Kultur eta kirol elkarteen diru-laguntzen atzerapenek soka luzea ekarri dute Laudion. Uztaileko Udal Osoko Bilkuran eztabaidatu zen gaia. Bertan, Udalak aurreratu zuen "dirulaguntzen kronograma bat" osatu nahi duela, dagoen blokeoa gainditzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide