Otsailean abiatu zuten David Perez Sañudok eta bere lantaldeak Txani Rodriguezen Los últimos románticos nobelan oinarritutako filma sortzeko prozesua. Orain, badakigu azaroaren 15etik aurrera ikusi ahal izango dela pantaila handian.
Miren Gaztañagaren azalean ikusi ahal izango dugu Irune, istorioaren protagonista. Laudioren antza duen herri industrial bateko emakumea da bera: paper fabrika bateko langilea, nahiko hipokondriakoa, maniatikoa eta bakartia. Filmean Iruneren bizitza egun batetik bestera nola aldatzen den ikusi ahalko dugu, hainbat gertakizunek baldintzatuta: bularrean koskor bat topatzea edo lantegiko gatazka batean sartuta egotea, alegia.
Irailean, Zinemaldian
Zinema areto guztietara heldu baino lehen, ordea, Donostiako Zinemaldiko New Directors kategoriaren barruan estreinatuko da filma. Sail horretan azken urtean ekoitzi diren eta zinemagileen lehen edo bigarren pelikulak diren lanek hartzen dute parte. Uztailean Miren Gaztañagak komunikabide honi azaldu zion garrantzitsua dela pelikula bat non estreinatzen den, Zinemaldian sartzea ez dela horren erraza eta, beraz, "oso pozik" zeudela aukerarekin.
Filmazioa barrenez barren
Hainbat kokapenetan grabatu dute Perez Sañudoren pelikula, hala nola Elgoibarren, Gernikan, Lisboan, Rondan… Otsailaren 14an, baina, Laudion izan ziren, eta bertan egon zen ere Txani Rodriguez, eleberriaren idazlea. Aiaraldea Komunikabideak barrutik ezagutu ahal izan zituen filmazioaren xehetasunak, eta Miren Gaztañaga protagonistarekin, David Perez Sañudo zuzendariarekin eta Txani Rodríguez idazlearekin ere hitz egin zuen filmaren nondik norakoez: