Mediku gabezia salatu eta mobilizaziorako deia egin du LABek, Laudion jazotako azken heriotza dela eta

Oihane Ozaeta Fernandez 2024ko abu. 27a, 10:04

Larunbatean eginiko elkarretaratzearen irudi bat. / Aiaraldea.eus

Osakidetzako zerbitzu askotan dauden hutsuneak azpimarratu ditu sindikatuak. Bestalde, abuztuaren 29an, 19:00etan, Laudioko Herriko plazan burutuko den mobilizazioan parte hartzeko gonbitea luzatu du.

LAB sindikatuak ohar bidez zabaldu duenez, Laudion gertatutako heriotzak agerian uzten du, berriz ere, Osakidetzako larrialdi zerbitzuak aspaldidanik duen "arazo larria". Horren aurrean, “doluminik zintzoenak” adierazi dizkie hildakoaren familiari eta lagunei, “Osakidetzako langile guztiek bere egiten dituztenak”.

Sindikatuaren arabera, larrialdietan lanpostuak ez betetzearen ondorioz hil da Laudioko bizilaguna, eta hori “hamarkadetako utzikeriaren ondoren” eman da: “Beste behin ere, Osakidetzako zerbitzu askotan dauden hutsuneak azpimarratu behar ditugu, baina zehazki, larrialdietako egoerak dakartzan arrisku larriez ohartarazi behar dugu”.

Halaber, Osakidetzako zuzendaritzak egungo egoerari adabakiak jartzearen alde egiten jarraitzen duela salatu du LABek, aparteko orduen bidez edo bateraezintasunena bezalako legeak urratuz. Sindikatuaren aburuz, neurri horiek guztiak “ez dira onargarriak”, eta “arrisku egoerak ere areagotzen dituzte”. Izan ere, langileek oso luzeak diren lanaldiak hartzen dituzte beren gain, eta segurtasun-gorabeherak eragiten ditu horrek. 

Horrez gain, LABek salatu du ZIUen flotak gabezia handiak dituela, eta zentro koordinatzailea erizain bakar batek kudeatzen duela denbora luzez. Horren aurrean, "epe ertain zein luzerako neurriak" ezarri behar direla uste du langile erakundeak, eta gaineratu du ez dela ahaztu behar Larrialdietako Zuzendaritza izan dela, bere pasibotasunarekin, "gertatutakoaren azken erantzulea". 

Ildo horretatik, LAB sindikatuak nabarmendu du beharrezko neurriak “egiturazkoak” direla, eta urteak daramatzatela alde batera utziak izaten: “Neurri horiek epe laburreko neurrien mesedetan baztertu dira, hala nola aparteko orduen mesedetan, eta bateragarritasunen legea egungo puntura iritsi arte urratu da; izan ere, ez dira nahikoak osasun-zerbitzuen hondatze larriaren aurrean”.

Egoera honen aurrean, osasun sistema publikoa defendatzeko deia luzatu du sindikatuak, eta horren ondorioak salatzeko abian jartzen diren mobilizazioetan parte hartzeko. Hurrengo hitzordua abuztuaren 29an izango da, 19:00etan, Laudioko Herriko plazan.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide