Etenaldi bat egin dute gaur arratsaldean Laudioko jaietan, herriko ZIU mugikorreko mediku falta salatzeko. Izan ere, gaur jakin izan da hil egin dela ostegunetik ostiralera bitarteko gauean bihotz-etena izan zuen herritarra. Elkarretaratzean salatu dutenez, gau hartan ez zen medikurik egon Zainketa Intentsiboetarako Unitate mugikorrean, eta Bilboko unitate mugikorra bertaratu behar izan zen bizilaguna artatzera. "Horren ondorioz, ia ordubete atzeratu zen prozesu guztia", salatu dute gaurko elkarretaratzean.
Ehunka lagun bildu dira Alberto Acero plazan eginiko protestan eta jaietako pregoilariak (Gaitari taldea) eta txupineroak (Itzelak kuadrillako kideak) arduratu dira irakurketa plazaratzeaz. Aipatu dute ostegun gauean ere beste pertsona batek bihotzekoa izan zuela, "eta bere kasuan ere Bilboko unitate mugikorra itxaron behar izan zuen ospitalera joateko".
Nabarmendu dutenez, egoera hau ez da berria eskualdean. Urtarrilean Laudioko Etengabeko Arreta Gunean hildako 42 urteko herritarraren kasua ekarri dute gogora. Horrez gain, salatu dute uda honetan zehar ere "oso ohikoa" bilakatu dela "unitate mugikorretan edota arreta guneetan medikurik ez egotea".
Mobilizazioa datorren ostegunean
Hori guztia dela eta, horrelako egoerak salatzen jarraitzeko deia egin dute, "osasun sistema publiko eta duinaren alde". Iragarri dutenez, eskualdeko mobilizazioa egingo da datorren ostegunean, 19:00etan Laudioko Herriko plazan. Herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko gonbita.
π’ ππππππππππ ππππππππππππ / ππππππππππππ ππππππππ π’
— Aiaraldeko Greba Batzordea (@AiaraldeaGreba) August 24, 2024
ποΈ Abuztuak 29 de agosto
π 19:00
π Laudioko Herriko plaza
Animatu bertaratzera! Osasun sistema publiko eta duina orain! Aski da! pic.twitter.com/2NdkFAP60i