Pasa den astean Laudioko herritar bat hil egin zen bihotz-gelditze baten ondorioz, Laudioko Zainketa Intentsiboetarako Unitatean medikurik ez zegoenean. Hori dela eta, Bilboko anbulantzia hurbildu behar izan zen, ospitaleratze prozesua ia ordubete atzeratuz.
Gertakari horren harira, Laudioko EH Bildutik adierazi dute Osakidetzaren egoera “oso larria” dela eta "ezin dela onartu" azken urteetan osasungintzak pairatutako suntsitze prozesua. Hortaz, arreta integrala eskainiko duen osasun sistema bat eskatu dute, eta osasungintzak publikoa eta duina izan behar duela adierazi: “EH Bildutik aldaketa integrala da eskatzen duguna. Lehen Arreta, Etengabeko Arreta Guneak, larrialdietako zerbitzua, osasun mentala, ospitaleak eta Osasun Sistema Publikoan ditugun baliabide guztiak zaindu, indartu eta berritu behar ditugu. Horrez gain, beharrezko dimentsioa eman behar zaie, tresna eraginkorrak eta erabakigarriak izan daitezen. Laudioar, Aiarar eta Euskal Herritar guztien osasuna bermatuko duen osasungintza publikoa lortu arte lanean jarraituko dugu”.
Egoera honen aurrean, gaur, abuztuaren 29an, SOS Aiaraldea plataformak deitu duen eskualdeko mobilizazioan parte hartzeko deia zabaldu du talde politikoak. Arratsaldeko zazpietan izango da Laudioko Herriko plazan.