Laudioko Udalak ez du herriko jaiak antolatzeko plangintzarik, EAJren aburuz

Oihane Ozaeta Fernandez 2024ko ira. 4a, 12:34

EAJ-PNVko udal taldea 2024ko sanrokeetan. / EAJ-PNV

EAJ-PNVk adierazi du espero duela EH Bilduren Gobernu taldeak 2025eko jaien antolakuntzari buruzko hausnarketa sakona egitea, eta 2024ko sanrokeen antolaketak ezarritako planifikazio- eta kudeaketa-faltaren akatsak ez errepikatzea.

Laudioko Eusko Alderdi Jeltzaleak Udalak herriko jaiak antolatzeko plangintzarik ez duela kritikatu, eta herritarren parte-hartzea eta jaiak posible egiten dituztenen konpromisoa azpimarratu ditu. 

Ohar baten bidez azaldu duenaren arabera, Laudioko EAJk eskerrak eman nahi dizkie 2024ko sanrokeen bai antolaketan bai garapenean modu aktiboan parte hartu duten kuadrillei eta herriko, jaietako, kulturako eta kiroletako eragileei. Maite Cortazar zinegotzi jeltzaleak eta aurreko Kultura eta Jaietako arduradunak haien lana goraipatu nahi izan du: “euren esfortzuari eta inplikazioari esker jai hauetaz gozatu dugulako, gure kaleei berotasuna, kolorea eta bizitza eman dietelako goizean goizetik, herritar laudioarrak animatuz, parte hartuz eta euren jarduera ugarietan, kalejiretan, lehiaketetan…”

Hala ere, EAJk adierazi du jaiak EH Bilduko egungo Gobernu taldearen kudeaketa gaitasun faltaren isla izan direla: “Atzerapenak ikusi ditugu dirulaguntzen eta kontratazioen tramitazioan eta ordainketan, berrikuntzarik eza Udalaren esku dagoen programazioan, ekitaldien gainjartzea eta animaziorik eza une garrantzitsuetan”.

Bestalde, “azken orduko kokapen-aldaketak” gertatu direla nabarmendu du “planifikazio eta aurreikuspen faltagatik”: “Kuadrilla eta jai-eragile askok in extremis kobratu dituzte udal-dirulaguntzak, dirua jasotzen ez bazuten ekitaldiak bertan behera uzteko asmoa Udalari jakinarazi ondoren, eta horrek ekitaldi asko egitea salbatu du. Beste batzuek euren poltsikotik aurreratu dute dirua euren jarduerak aurrera eramateko, eta, tamalez, batzuek jaietan egitekoak zituzten ekitaldiak bertan behera utzi behar izan dituzte, ez zutelako dagokion dirulaguntza jaso”. Gainera, zerbitzu eta jarduera asko “berandu” eta “premiaz” kontratatu direla, eta horrek erakundearen kalitateari eragin diola gehitu du.

Horregatik guztiagatik, EAJk espero du EH Bilduko Gobernu taldeak 2025eko jaien antolakuntzari buruzko hausnarketa sakona egitea: “Funtsezkoa da kuadrillei eta jai-eragileei modu aktibo eta proaktiboan entzutea beren jarduerak garatzeko gune egokienei eta behar teknikoei buruz, une bakoitzean behar duten babesa, bitartekoak eta laguntza emanez. Gainera, garrantzitsua da jaiak ilusio eta gogo handiz gozatzen dituzten auzokideen gustuak eta iritziak kontuan hartzea”. 

Eskaera horien guztien helburu nagusia, EAJren hitzetan, 2024ko Sanrokeen antolaketak ezarritako planifikazio- eta kudeaketa-faltaren akatsak ez errepikatzea da, “etorkizunean jaiak modu arinagoan eta guztiontzat atseginagoan garatu ahal izateko”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide