Azaroaren 10ean itxiko ditu ateak Ermualdeko Kumeak taberna-jatetxeak. Hala adierazi dute establezimenduko kudeatzaileek sare sozialen bidez. "Benetako plazera izan da, gure bezeroak hamarrekoak izan zaretelako", nabarmendu dute ostalariek.
Gauzak hala, Ermualdeko Etxerako kudeatzaile berria bilatzeari ekin beharko dio Udalak. Izan ere, tokiko erakundearena da eraikina, eta 2020tik zeramatzaten egungo kudeatzaileek bertan lanean. Berez, 10 urtez luzatu zezaketen kontratua gehienez, baina lehenago amaitzea erabaki dute.
Ez zen esleipen erraza izan. 2019ko abenduan atera zuten lehen lehiaketa publikoa, baina bertan behera utzi zuten, aurkeztu ziren pertsonek ez zituztelako eskatutako baldintza guztiak betetzen. Gauzak hala, baldintza horiek malgutu behar izan zituen tokiko erakundeak, eta horrela lortu zuen egungo kudeatzaileak proiektuak sartzea, 2020ko martxoan.