YONE ALAZNE VAZ ILLANA

"Nire alabari kardiopatia diagnostikatu ziotenean, pentsatu nuen bakarrik nengoela, Bihotzez elkartea topatu arte"

Aitor Aspuru Saez 2024ko ira. 19a, 08:00

Yone Alazne Vaz Illana eta bere alaba, larunbateko ekimeneko kamisetekin. / Aiaraldea.eus

YONE ALAZNE VAZ ILLANA aretarra Bihotzez elkarteko kidea da eta larunbatean egingo duten 8 mila bihotzez ekimenaren antolatzaileen artean dago. Elkartasun erronkaren inguruan eta gaixotasunari buruz mintzatu da.

Nola sortu da ekimen hau?

Urtero bezala, irratian ari nintzen elkarrizketa bat erantzuten otsailaren 14a zelako, Nazioarteko Kardiopatien Eguna, alegia. Orduan Joseba Amondok deitu zuen irratira, nirekin harremanetan jartzeko interesa zuelako. 

Azaldu zidan Orkatzak taldearekin elkartasun ekimena antolatu nahi zutela bihotzeko gaixotasuna dutenen alde. Nik baiezkoa eman nion Bihotzez elkartearen izenean eta horrela hasi zen dena.

Ostiral eta larunbateko jardunaldia antolatu duzue.

Ostiralean 21:00etan hasiko da ekitaldia. Orkatzak taldea aterako da Aldai plazatik Goikoganera igotzeko eta orduro talde batek egingo du gauza bera. 

Norbanakoak nahi dutenean agertu eta taldeetako batera batu daitezke. Ez dago izen ematerik, ezta preziorik. Ekarpen ekonomikoa egin daiteke edo ez. Norberak erabaki dezake. Babesa soilik eman nahi badute mendira igota, ondo dago. Erronka da 8.000 metroko igoera hori betetzea. 

Azken igoera 11:00etan izango da Ezina Ekinez Egina elkartearekin. Laudioko ume bat igoko da eurekin. 
Larunbatean ekintzak hasiko dira goizeko bederatzietatik aurrera: baserritarren azoka, umeentzako tailerrak, elkartasun hamaiketakoa… 

Laudioar Txirrindularitza Elkarteari esker, beste erronka paraleloa egongo da. Hain zuzen, Alberto Valles “Diavolok” zeregin propioa izango du, Tourmalet-era igotzea, nolabait. Sugarrakekoek ere saskibaloi partidak izango dituzte, herri bazkaria egongo da, zumba saioa arratsaldean eta, amaitzeko, erromeria.

"Unai, 8 urteko laudioarra, lehenbiziko aldiz igoko da mendi tontor batera, eta polita izango da ikustea nola atera eta itzultzen den"

Azken taldekoei harrera berezia egingo diezue, ezta?

Bai, hunkigarria izango da. Unai, 8 urteko laudioarra, lehenbiziko aldiz igoko da mendi tontor batera, eta polita izango da ikustea nola atera eta itzultzen den.

Jende oro gonbidatu nahi dugu parte hartzera. Joseba Amondo zazpi aldiz igoko da Goikoganera eta erronka hori ere polita izango da.

Nola sortu da Joseba Amondoren proba hori?

Berak ere bihotz berezia dauka eta, prest zegoenez, guk proposatu genion zazpi aldiz igotzea mendira. Lortuko duelakoan nago eta uste dut erronka garrantzitsua izango dela. 

Bihotzez elkartera joango da biltzen duzuen dirua.

Bai, dena bideratuko dugu elkartera, ematen dugun babesarekin jarraitzeko. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartuko duten guztiei: Orkatzaki, Vital Fundazioari babes ekonomikoagatik...

Zertan datza zuen elkartearen jarduna?

Laguntza prestatzea da lanik handiena eta garrantzitsuena. Psikologoak ditugu ospitaletan, ikasketa neuropsikologikoak eskaintzen dizkiegu umeei, trebakuntza saioak egiten ditugu hezkuntza esparruan... baina niretzat inportanteena da umeei, gurasoei eta familiei, oro har, babesa ematea.

Lehentasuna da familia guztiek gure babesa izatea kardiopatiaren berri izatean. Izan ere, kasu gehienetan umeak ospitalera jo beharko du ebakuntza bat izateko. Beti lagunduta egon behar dira bakarrik ez sentitzeko.

Nire alabaren diagnostikoa heldu zenean, nik ez nuen ezagutzen elkartea eta bakarrik sentitu nintzen.  

"Lehentasuna da familia guztiek gure babesa izatea kardiopatiaren berri izatean"

Nola bizi duzue zure alabaren kardiopatia?

Nik beti esaten dut nire alaba miraria izan dela. Berez, kardiopatia duten lagun gehien-gehienek ebakuntza behar dute. Mila kasutik bakarrak egiten du hobera ebakuntzarik gabe, eta berak egin zuen. 

Horregatik, hain zuzen, hasi nintzen honi buruz informazioa bilatzen, bada ez bada, ebakuntza behar izatekotan prest egoteko. Hasieran uste nuen, nolabait, bakarrik nengoela munduan. 

Zentzu horretan, Bihotzez nire familia bihurtu da, kideekin hitz egiteko aukera daukat eta, zalantzaren bat sortuz gero, eurekin argitzen dut. Hori da behar duguna.

Kardiopatia ez duen familiako kide edo lagun batekin hitz egitean, agian ez dute ulertzen gure kezka. Kardiopatia ez da ikusten kanpotik, barrun dago eta hori ez da horren erraz ulertzen.

Noiztik zara Bihotzez elkarteko kidea?

Bederatzi urte daramatzat elkartean. Nire alabak hamaika urte ditu, baina diagnostikoaren osteko lehen urtean ez nintzen gai honi buruz hitz egiteko eta ez nekien zehaztasunez kardiopatien benetako ondorioa. Nire alaba txikia nagusiagoa zenean hasi nintzen bilatzen eta topatu nuen elkartea. Psikologoarekin hitz egin eta hasieran ama moduan sartu nintzen elkartean, kide bezala.

Pixkanaka-pixkanaka ekintzetan gero eta gehiago parte hartzen hasi nintzen eta orain zuzendaritzan nabil. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide