Iaz Arabako Foru Aldundiak iragarri zuen ia bost milioi euroko inbertsioa egingo zuela suhiltzaileen eta Ertzaintzaren azpiegiturak berritzeko. Horren ondorioz, Ertzain-Etxea hustu dute eta alboan egitura modularrekin egindako komisaldegia ireki dute.

Eraikin hori behin-behinekoa da eta ertzainek azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari uste dutela urte eta erdi igaroko dutela han, gutxienez.
Berez, asteartetik ari da polizia lanean bere kokapen berrian -San Roke nagusien egoitzaren aurrean- eta suhiltzaileek duela hilabeteak jo zuten Arza poligonora, euren parkea eraitsi baitute jadanik.