Juan Carlos Navarro historiazalea bilakatu du protagonista Cosecha del 48 elkarteak gaur. 12:30ean Kultura Etxean omenaldia eskaini diote Laudioko historiaren ezagutza zabaltzeko egiten duen lana dela eta. Navarro 1962an hasi zen lanean Udalean eta tokiko artxibategia arakatu zuen goitik behera.
Horren ostean, Estatu Espaniarreko hamaika artxibategitan ibili da Laudioko historiaren pasarteak berreskuratzeko eta azaleratzeko. Navarrok berak azaldu duenez, historiako gertakarien atzean beti daude zergatiak eta bera, detektibe baten moduan, arrazoi horiek biltzen eta partekatzen ditu, bere zaletasuna baita.
Laudioarrak bi libururen egilea da eta artikulu mordoa idatzi ditu Kofradiako aldizkarian, Aztarna argitalpenean edota Aunian.
Navarrok guztiei eskertu die Arraño aretoa bete izana eta gogoratu du Jose Luis Navarro bere lehengusu eta laguna. Izan ere, joateko asmoa zuen baina duela egun batzuk zendu zen.